Zapatuan Hospitalet hartuko du Eibarrek Ipuruan, play-offeko azken txanpan

Zapatuan Hospitalet hartuko du Eibarrek Ipuruan, play-offeko azken txanpan
2013/06/17 eta kitto!

Asteburuan Oviedori irabazi eta gero, Eibar Kirol Elkarteak gainditu beharreko hurrengo neurketa C.E. Hospitaleten kontrakoa izango da, datorren zapatuan 20.00etan Ipuruan (ETBk emango du). Gaur bertan hasi dira partidurako sarrerak saltzen Ipuruan. Klubak adierazi duenez, "bazkideek partidua doan ikusiko dute, lehengo kanporaketen moduan, baina sarrera atera beharko dute. Euren sarrerarekin batera beste bat gehiago eskuratzeko aukera izango dute (10 eurotan). Sarrerak ateratzeko, Ipuruako bulegoetara joan beharko dira, goizez 10.00etatik 13.00etara eta arratsaldez 16.00etatik 20.00etara". Bazkideek sarrera hartzeko azken eguna eguena izango da (20.00ak arte). Hortik aurrera, euren sarrera atera ez duten bazkideen eserlekuak beste batzuei saltzeko moduan izango direla iragarri dute. Bazkide ez direnentzat sarrerak, berriz, barixakuan (hilaren 21ean) hasiko dira saltzen.