Zapatuko Eibarko Txirrindulari Elkartea Sari Nagusiaren hirugarren edizioa Gipuzkoako Itzuliaren zati izango da

Zapatuko Eibarko Txirrindulari Elkartea Sari Nagusiaren hirugarren edizioa Gipuzkoako Itzuliaren zati izango da
2021/06/22 eta kitto!
Ekainaren 26an jokatuko den nazional mailako junior txirrindularien proba aurten Gipuzkoako Itzuliak izango dituen hiru etapetik lehenengoa izango da. Eibarko Txirrindulari Elkarteak antolatzen duen probaren hirugarren edizioa izango da zapatukoa eta, Gipuzkoako Itzuliaren barruko lau probetatik bigarrena izango da: barixakuan prologoa jokatuko dute Azkoitian, zapatuan Eibarkoa izango da, domekan Andoain izango da protagonista eta, azkenik, astelehenean Lazkaok hartuko du azken etapa.

Aurten antolatutako aurreko probetan egin duten bezala, taldeek Azitain poligonoan kontzentratuko dira, Altzubarren frontoiaren parean, eta handik irtengo dute goizeko 10:00etan Oñatira jotzeko lehenik, hango Zubillaga auzoan biratu eta Maltzagaraino bueltatzeko ondoren. Handik Mendarorainoko bidea hartuko dute, Sasiolan desbideratu eta bigarren mailako Elkorrieta gainari ekiteko; ondoren Lasturretik Itziarrera joango dira txirrindulariak eta handik Debara jaitsiko. Behin Elgoibarrera helduta, bigarren mailako Azkarateko gaina izango dute zain, han biratu eta Elgoibarko San Antolingo errotondara iristeko eta jarraian Azitaingo poligonoan ezarritako helmugaren bila joateko, Rafael Lapeyra enpresaren aurrean dagoen zuzeneko zatian amaitzeko. Guztira 104 kilometro eta erdi izango ditu lasterketak, eta azken metroetako aldapa gogorrek etapa amaiera ezin interesgarriagoa iragartzen dute: Gutxi gorabehera 12:30ak bueltan espero da lehenengokoek iristea.