Zarko Trajkovic JD Arrate eskubaloi taldeak izan zuen lehen atzerritarra hil da

Zarko Trajkovic JD Arrate eskubaloi taldeak izan zuen lehen atzerritarra hil da
2020/11/09 12:03
eta kitto!
Gure herrian hainbat urte eman zituen balkaniarra 73 urterekin hil zen aurreko astean Sarajevon, Bosnia eta Herzegovinako hiriburuan. Zarko oso lotuta dago eskubaloiko JD Arrateren ibilbideari, urte askotan klubeko aurpegietako bat izan delako: lehenengo fase batean jokalari moduan eta handik urte batzuetara entrenatzaile bezala. Zarko 1974-75 denboraldian etorri zen Eibarrera, Arratek Ohorezko Mailara igotzea lortu zuela-eta taldea indartzera (Untzagan airea librean jokatzen zuen taldeak ordura arte, Eibarko eta inguruko jokalariekin). Taldeko bizkar-hezurra eta mailako goleatzaile nagusienetakoa izanda ere, maila galdu zuten. Handik bi denboraldira berarekin eta Memho Mujanovic beste balkaniar batekin berriro igo zuten gaur egun Asobal Liga pareko zen Ohorezko Mailara. Jokatzeari lagata, hurrengo hamarkadan bigarren sasoia hasi zuen Arraterekin. 1986-87an hasita, bi denboralditan entrenatu zuen Arrateren lehen taldea 1. Maila Nazionalean eta, bere kargua Miguel Diegori laga ondoren, taldeak Ohorezko Mailara igotzea lortu zuen berriro. Ondoren, 1992-93an Arrate-Amañako emakumezkoen taldearen ardura hartu zuen, taldea Ohorezko Mailara igotzeko. Beraz, gizonezkoen zein emakumezkoen taldeekin igotzea eskuratu zuen Zarkok. Ondoren, gure herrian bizi izan zen hainbat urtetan bere jaioterrira bueltatu arte. Aurreko zapatuan Hierros Servando Eibar Eskubaloiak Ipuruan jokatutako partiduan Trajkovic-en aldeko minutu bateko isilaldia gorde zuten.