Zazpi domina eskuratu zituzten Deporreko atletek Euskadiko eta Gipuzkoako txapelketa absolutoetan

Zazpi domina eskuratu zituzten Deporreko atletek Euskadiko eta Gipuzkoako txapelketa absolutoetan
2021/06/09 eta kitto!

Euretako lau, gainera, Durangon jokatutako Euskadikoetan izan dira: urrezkoa bereganatu zuen Eneko Larreak altuera jauzian (1.94ko markarekin), zilarrezkoaren jabe egin zen Markel Gutierrez 10 kilometro martxan (48:14) eta brontzezkoa lortu zuten Carlitou Mendyk jauzi hirukoitzean (12.45) eta Enara Magunazelaiak jabalina jaurtiketan (31.24). Nora Zabalak luzera jauzian eta jauzi hirukoitzean hartu zuen parte eta Carlitou Mendyk jabalinarekin ere egin zuen saioa.


Maila absolutuko Gipuzkoako txapelketetan, bestalde, Carlitou Mendyk jabalina jaurtiketan eta Markel Gutierrezek 5 kilometro martxan txapela jantzi zuten, Urko Martinezek brontzezkoa eskuratzen zuen bitartean jauzi hirukoitzean. Euren markak honakoak izan ziren: Mendyk 43.83 metrora jaurti zuen, Martinezek 12.04ko jauzia egin zuen eta Gutierrezek 22:46:49ko denboran osatu zuen ibilbidea.


Orotara honakoak izan ziren eibartarren markak: abiadurako probetan, Imanol Egidazu (11:53, 100 metrotan; 15:05, 110 m. hesietan), Iñigo Egidazu (12:88 eta 16:08, hurrenez hurren distantzia beretan), Kepa Marquez (12:02, 100 metrotan; eta 24:88, 200 metrotan) eta Leire Martin (29:44, 200 metrotan); jauzien arloan, Nora Zabala (4.89 metro, luzeran, eta 11.02 hirukoitzean); eta, azkenik, jaurtiketen arloan, diskoarekin Urko Martinez (17.94 metro, 1.5ekoarekin) eta Carlitou Mendy (16.76, 1.75ekoarekin), eta jabalinarekin Enara Magunazelaia (33.33, 500 gramokoarekin).


Aipatutako txapelketez gain, Imanol Egidazuk Euskadiko 18 urtetik azpikoen selekzioarekin hartu zuen parte Granollersen, 110 metro hesietako proban.