Ziaran ahizpak, arraunean ere gozatzen

0    Kirolak 
ETA KITTO ETA KITTO
Ziaran ahizpak, arraunean ere gozatzen
ETA KITTO 2019, Ira 09

Eibartarrontzat kirol bide berriak direnak zeharkatzen hasi dira Ziaran ahizpak. Badira urte batzuk Igor Isasik ere arrauna probatu zuela (Zarautzen eta Zumaian jardun zuen) eta oraingoan Ane eta Nerea esperientzia “ezin aberasgarriagoan” murgildu dira. Nereak amaitu du berea Lekeitioko Isuntzarekin; Ane, bestalde, Zumaiarekin denboraldiko une garrantzitsuenean dago. Hilaren 14an Bermeon eta 15ean Portugaleten mailaz igotzeko estropadei egin beharko die aurre, Hondarribia eta Hibaikarekin lehian, postu bakarraren bila: “Igotzeko aukerak hor daude eta horren bila goaz, zalantza barik”.  

Ane Ziaranek 13 urte egin ditu triatloian eta Nereak txikitatik jardun du igeriketan. Urriaren amaieran hasi zuten denboraldia Zumaiarekin, “astean lau-bost entrenamendu saioekin”, eta dagoeneko nekea ere nabaritzen zaie: “Batez ere, buruko nekea, udak luze jo du-eta. Talde gehienak margen txikian mugitzen garenez -batzuetan sei traineru zortzi segundotan-, ziabogak zelan hartzen dituzun, izan daitezkeen lesioak… garrantzi handia hartzen dute”, diote. Hasieran ergometroan egiten zituzten sei minutuak urruti ikusten dituzte, “orain ordubetetik gora egiten dugulako, serietan banatuta”. Lehen egunetan “indarra lortzeko” gimnasioak eta antxitxika egiteak zuten garrantzia urak hartu zuen gutxinaka: “Hasieran asteburuan behin joaten ginen uretara; udan, bestalde, asteko sei egunak uretan eman ditugu. Gimnasioan egun bakarrarekin nahikoa”.

Zumaian jende nahiko zutela-eta, Gabonak ondoren Nerea Ziaran Lekeitiora pasatu zen: “Talde batetik besterako mugimenduak ohikoak dira arraun munduan”. Hori bai, batek zein besteak opor gutxi izan dute hasi zirenetik: “Gabonetan bi-hiru egun, Aste Santuan beste hiru… eta gu eskerrak ematen gainera. Castron proba baten amaieran han geratu eta oporretan geundela zirudien”, dio Nereak. Arraunean teknika ikasteak duen garrantzia azpimarratzen dute biek: “Hori izan da zailena guretzat, erresistentziara aurretik ere ohituta gaudelako. Kanpotik erraza dirudi, baina lesioak izateko arriskua badago, batez ere postura kontuengatik”. Biek izan dute lesio bera, “interkostaletan, bizkarra zuzen ez botatzearren”. Jardun errepikakorra da arraunlariena: “Batera egin beharra dago gainera, arraunak paraleloan”. Traineruak, bestalde, mutilentzat daude eginda eta neskei egokitzea tokatzen zaie: “Gure tostetan takoak ipini dituzte gu altxatzeko, materiala ere euren eskuetatik pasatutakoa da askotan. Distantzia kontua ere hor dago: gure probak motzagoak badira ere, horrek gorputza mugan ipintzera behartzen zaitu”.

Entrenamenduen iraupenarengatik galdetuta, elkarren arteko begiradek hor beste zeozerere badagoela adierazten dute: “Ariketekin udan ordubete; aurretik bi egunero. Baina entrenamenduekin ez da amaitzen lana: trainerua atera behar duzu, gero garbitu… Azkenean, lau ordu ere bai”. Disziplina asko eskatzen duen kirol-modalitatea baita arrauna: “Traineruak 200 kilotik gora pisatu behar du eta denon artean eraman eta garbitzen dugu”. Telebistarako, traineru batek kamara eramaten badu, “beste guztiek pisu bereko lastrea kargatuko dute”, zehazten digute.

Talde-lana batez ere
Anek 5etik (contraespalda) egin du arraun Zumaiarekin eta Nereak 6tik (espalda) Isuntzarekin, biek ere baborretik. Hamahiru arraunlarik eta patroiak osatzen duten boteetan “pisua, altura eta esperientzia hartzen dira kontuan, beti ere beharraren arabera. Postuak ere aldatu daitezke, konpentsatzeko ahaleginean. Hanka da taldeko esperientziaduna, erritmoa eta arraunkera markatzen dituena”, diote abdominaletako lana gogotik egin behar izan duten ahizpek.

zumaia irabazle

Zumaiak bigarren postuan amaitu du ETE ligan.

Orain arte egindako kirolekin alderatuta, desberdintasun handiena “talde-lanean” ikusten du Anek. “Triatloian bakarrik diharduzu, hemen taldeak irabazten du. Entrenatzeko orduan ere, denak elkarrekin jarduteak laguntzen du”. Talde-giro hori azpimarratzen dute biek arraunaren onena moduan; duen txarrena, bestalde, “lotura hori, abuztuan batez ere”. Hala ere, datorren denboraldian arraunean jarraitzeko asmoa du Nereak, “bigarren urtea politagoa dela esan didate-eta”. Anek denboraldia amaitzerakoan erabakiko duela esan digu. Hori bai, batek zein besteak arrauna egitera animatzen dute: “Askori entzun diegu `egingo nuke´ esaten, baina gero ez dute urratsik ematen. Arraun mundukoak esku zabalik hartzekoak dira, edozein tokitan”, esaten digute itsaso txarrean hobeto moldatzen diren Ziaran ahizpek.

Nerea Ziaran

Nerea Ziaran

Ane Ziaran

Ane Ziaran

 

 

 

 

 

 

 

 

Kontxa modukorik ez dagoela, horretan ere biak bat datoz: “Sailkatze eguna bera berezia izan zen”. Ezin pozarren bizi izan zuten Portugaleteko banderako eguna ere, Zumaiak eskuratutako seikotik lehenengoa eta Lekeitiokoen sailkapen onena: “Isuntzakoak jauzika ikustean pentsatu genuen eurak irabazi zutela”, dio Anek. “Eta gu pozik hirugarren geratu ginelako”, Nereak. Azkenean Zumaiak lortu zuen bandera, eta horiei beste lau gehitu zien ETE Ligan eta beste bat Urumean jokatutako lagunartekoan.

Arraunlariak

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »