Koarentenan ere, Joaquin eta Alberto gogoratzeko deia egin du Zaldibar Argituk

Koarentenan ere, Joaquin eta Alberto gogoratzeko deia egin du Zaldibar Argituk
2020/03/26 eta kitto!
Bihar beteko dira 50 egun Zaldibarren, Verter Recicling enpresaren hondakindegian luizia gertatu eta, horren ondorioz, bertan lanean ari ziren Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze desagertu zirenetik eta, horiek bilatzeko lanean jarraitu badute ere, orain arte ez dute lortu ez bata ez bestea aurkitzea.
Koronabirusaren eraginez, Zaldibarko hondamendia bigarren mailakoa izatera pasatu da, baina otsailaren 6az geroztik Zaldibarren zer gertatu den eskatzen dutenen ahotsak ez dira isildu, konfinamendu egoerak baldintzatuta bada ere. Inork ahaztu ez dezan bi langileak desagertuta jarraitzen dutela, koarentenak dirauen bitartean ostegunero Joaquin eta Alberto gogoratzeko kartel eta marrazkiak egitera animatu nahi dituzte herritarrak Zaldibar Argitu plataformako kideek, 20:30ean balkoi eta leihoetatik zintzilikatzeko. Eta sare sozialak ere mezu berarekin bete nahi dituzte: jendeak egiten dituen kartel eta marrazkien argazkiak igotzeko eskatu dute, #zaldibarargitu eta #joaquinetaalbertogogoan traolak erabilita. Horrez gain, biharko (martxoak 27) lapiko-protesta deitu dute eta apirilaren 6rako beste ekitaldi bat antolatu nahi dute, zabortegiaren kudeaketa salatzeko. Desagertutako bi langileak aurkitzeko ahaleginak areagotzea eskatu die plataformak erakundeei: “Egoera hau tragedia bat da familientzat, senideen galera, inpotentzia eta konfinamendua jasaten ari baitira".

irazabalOperatiboari buruzko informazioa

Eusko Jaurlaritzak bilaketa-lanak zertan diren azaldu du aste honetan eta, esandakoaren arabera, eguraldia lagun, bilaketa-lanetan “aurrerapen askoz azkarragoak" egin daitezkeela pentsatzen dute. Operatiboari buruzko informazio eguneratua irakurtzeko SARTU HEMEN.