Koko-dantzak Otaola-Kiñarraga auzoetara bisitan joango dira bihar

Koko-dantzak Otaola-Kiñarraga auzoetara bisitan joango dira bihar
2019/02/22 14:36
eta kitto!
Urtero lez, bihar ere goizeko 08:30ean hasiko dira koko-dantzak, merkatu plazako baserritarren aurrean. Handik bitan banatuta ibiliko dira baserririk baserri, eguerdira arte. Kezka dantza taldekoek azaldu dutenez,  "talde batek Sautxitik gora Iragorri baserrira joko du, eta ondoren Azitainen Loiola, Egiguren, Ixkue eta Txopen bisitatuko ditu. Herriaren beste muturrera joango dira gero, Otaolaerdikoa eta Ipuruara. Bitartean, beste taldea Txontatik gora abiatuko da, Mertxete, Iraegi, Aretabeletxe, Iraegitxiki eta Unbe aldera. Eta talde biek elkarrekin Altamirabehekoa, Katina eta Bolinguan amaituko dute goizeko koko-eskea".  2015ean ibili ziren azkenekoz baserri inguru horretan, elur eta guzti.

Arratsaldean, berriz, kalejiran ibiliko dira koko-dantzak, Eibarko erdiguneko kaleetan, Mauxitxa txarangarekin batera: “Anbulatorio parean 19:00etan elkartu eta Zuloagatarren, Toribio Etxebarria, Untzaga, Calbeton eta Plaza Barrian ibiliko gara, festan eta dantzan. Koko-dantzariak, Aixerixak, Masustak, Sasikartia, Kattalin eta Manuela, Petra eta Maria, Don Eusebio, Batista kojua, Amabirjiña, Mamarruak, Burburixuak, Martin perratzailia, Koko-nagusixa, Juanapagua, musikuak eta Hartza prest daude, eta zu?".