Kontaktuak ezkutatzen dituzten koronabirus positiboak daudela ohartarazi du Osakidetzak

Kontaktuak ezkutatzen dituzten koronabirus positiboak daudela ohartarazi du Osakidetzak
ETA KITTO 2021, Mar 17

Pandemiak ez du hobekuntza nabarmenik ematen, eta, gainera, zenbait herritarrek ez diete osasun langileei laguntzen. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak arreta deitu zien atzo koronabirusean positibo eman duten eta, hala ere, kontaktu estuei buruzko datu nahikorik ematen ez duten pertsonei. 

Hori dela eta, lehen koronabirus kutsatu bakoitzeko kontaktu zuzen gisa identifikatzen ziren zortzi pertsonetatik, orain lau inguru dira. “Ez diogu beldurra galdu behar birusari, denborak erakutsi du kontaktuen katea identifikatzea funtsezkoa dela pandemia kontrolatzeko”, adierazi du Sagarduik.

Ildo horretan, Sagarduik gogorarazi du Osakidetzak ez dituela zigortzen araudia hautsi duten pertsonak, haien lana birusaren transmisio katea mozten saiatzea besterik ez dela. Sailburuak ohartarazi du arakatzaileen esparrutik kanpo geratzen den kontaktu bakoitza “arriskutsua” dela “herritar guztientzat”, eta “elkartasuna” eskatu du.

Sagarduik azpimarratu duenez, 100.000 biztanleko 60 kasuko intzidentzia-tasa metatua lortzeko helburua “urrun” dago oraindik, adierazle hori 203an baitago gaur egun. Hori dela eta, prebentzio neurriak betetzea “behar-beharrezkoa” dela ohartarazi du. “Zenbat eta kontaktu gutxiago izan, birusaren transmisio gutxiago eta heriotza gutxiago”, argudiatu zuen.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »