100 urte eta gero, berria balitz bezala

100 urte eta gero, berria balitz bezala
2022/10/21 eta kitto!
San Andres elizako organoak 100 urte bete ditu aurten eta, zaharberritze prozesuaren ondoren, aurpegi berriztuarekin ospatuko du mendeurrena. Hans Melcher organogile alemaniarrak sortutako organoa parrokiak duen altxorretako bat da eta bere sorkuntza onenetako bat gainera. Orain, bere lana errespetatuz, itxura berritua hartuko du hilabete batzuk barru amaituko diren zaharberritze lanekin.

 

Jesus Guridi maisuak 1922ko maiatzaren 25ean inauguratu zuen San Andres elizako organoa ‘Missa in honorem SS. Sindonis D.N.J.C’ joz. ‘Melcher, Mar y Cia’ organo-fabrikatzaileak sortu zuen organoa, Hans Melcherrek Ramon Mar organogilearekin sortutako enpresak, eta San Andres elizarako apropos egina dago, bertako espaziora eta akustikara moldatuta. “’Ondare Kultural Egokia’ izendatu duten organoa dugu. Hau da, bere balio kultural, historiko eta artistikoagatik estatuak bereziki babesten duen ondare kulturala”, diosku Yasmin Soudek, organoaren zaharberritze lanetan Sergio del Campo Olaso organogilearekin eta Itziar Larrinaga Musikeneko ikerketa eta berrikuntzako koordinatzailearekin elkarlanean ibili den eibartarrak.

Soudek azaldu digunez, “Melcherren sorkuntzarik onenetakotzat da. Arlo teknologikoan maisulana da, San Andreseko organoak bakarrik dituen mekanismoak ditu eta  Gipuzkoan dauden beste organo batzuengandik nabarmentzen da, nahiz eta probintzia honetan mundu mailan aipagarriak diren organoak ditugun”.

 

Piezaz pieza

Ehun urte, ostera, asko dira eta denborarekin organoaren egoera kaltetzen joan da. Besteak beste, hauspoek ihesak zituzten eta, haizeak ihes egiten zuenez, ezin zitekeen intentsitateari eutsi; larruzko mintz antzeko batzuk oso gastatuta zeuden; eta pedalaren eta teklatuaren loturak hondatuta zeuden. Beraz, San Andres elizako organoaren zaharberritzerako komisioaren bultzadaz eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eibarko Udalaren eta elizaren  dirulaguntzarekin, 2021eko ekainean zaharberritze lanak hasi zituzten Del Camporen gidaritzapean.

Zaharberritze-tailerra elizako koroan jarri dute, organoa piezaz pieza zaharberritzen dihardute eta lanak 2023ko martxoan amaitzea aurreikusten dute.

Del Campok dioenez, “zaharberritzeak ikuspuntu kontserbatzailea du, organoa lehen bezala jartzea delako helburua. San Andres elizakoak bere sasoiko organoen ezaugarriak ditu. Sasoi horretan organogileek teklatuen ukimena arintzeko joera zuten eta erregistroak maneiatzeko independentzia gehiago ematen zitzaien”, organogilearen berbetan.

 

Erakusketa eta bisita gidatuak

Organoaren zaharberritzearen inguruan ‘Organoz blai!’ kultura bitartekaritza proiektu berritzailea jarri da martxan eta, organoaren balioa eta herriko kultur ondarea sustatzeko asmoz, erakusketa zabaldu zuten orain dela pare bat aste Eibarko Armagintzaren Museoan. Itziar Larrinaga eta Yasmin Soud izan dira erakusketaren komisarioak.

Bertan, eduki fotografikoa eta ikus-entzunezkoak erakusten dira, baita beste material batzuk ere. Gainera, azaroaren 7an beste fase bat hasiko da erakusketan. Izan ere, Zeramika Eskolako ikasleek erakusketarako propio sortutako lanak aurkeztuko dituzte, eta Yanire Sagredok organoaren zaharberritzeari buruz egindako bideoa emango dute. Aurkezpen saioa 19:00etan hasiko da.

Urriaren 27an erakusketaren bisita gidatua egiteko aukera egongo da 18:00etan; eta bestetik, San Andres parrokiako organoa ikusteko bisita egingo da 24an, 17:30ean. Bisitak egiteko aurretik izena eman behar da, 943708446 telefonora deituta edo museoa@eibar.eus helbidera idatzita.