“Txirri, Mirri eta Txiribiton”en omenezko kontzerturako sarrerak doan dira eta dagoeneko eskuragarri daude

“Txirri, Mirri eta Txiribiton”en omenezko kontzerturako sarrerak doan dira eta dagoeneko eskuragarri daude
2023/01/03 13:08
eta kitto!
Urtarrilaren 8an, domeka, Usartza Txistulari taldekoek 2023ko lehenengo kontzertua eskainiko dute Coliseo antzokian, eguerdiko 12:30ean. Ekitaldi berezi eta hunkigarria izango da, “Txirri, Mirri eta Txiribiton” pailazoei eskainitako omenaldia izango baita.

Sarrerak doan izango dira eta dagoeneko Kutxabank bidez eskura daitezke. Egunean bertan ere leihatilan hartu ahal izango dira, ikuskizuna hasi baino ordubete lehenago.

Usartza Txistulari Taldeko kideek adierazi digutenez, “2022 urtean “Txirri, Mirri eta Txiribiton” pailazo ospetsuen 50. urteurrena bete da. Hori dela eta, Ustekabe txaranga eta Kezka dantza taldearen laguntzarekin ikuskizun berezia antolatu dugu, beraien omenez”.

Kontzertuko partaideak hurrengo hauek izango dira:
– Usartza Txistulari Taldea
– Ustekabe txaranga
– Eibarko J. B. Gisasola Musika Eskolako txistu ikasleak
– Pantxis eta Filipo pailazoak  (Karmele A. eta Peio)
– Kezka dantza taldea

Kontzertuan doinu ezberdinak entzuteko aukera izango da:  alde batetik, Txirri, Mirri eta Txiribiton, Pintto Pintto, Paristik natorren, Ttip eta Ttup,  Behin edo behin, Moro katua,  Allakuidaos, Lagunen itzala, Barre egin, Kli kla telebista, Zapi zuria eta Altza Felipe; eta, bestalde,  Ustekaberen diskoko  Eibarko Herria, Hiru gizon ilustre, Forjarien kanta  eta Venid al pueblo de Eibar.

 

Pailazo aintzindariak
Txirri, Mirri eta Txiribiton euskaraz aritzeko sortu zen lehenengo pailazo taldea izan zen. 1972. urtean “Kixki, Mixki eta Kaxkamelon” izenarekin hasi ziren. Lehenengo emanaldia 1972ko martxoaren 25ean eskaini zuten. Ondoren, 1983. urtean, “Txirri, Mirri eta Txiribiton” izen berria hartu zuten eta 1984. urtean Din Don Kikilikon telebistako programa hasi zen. Telebistan eta Euskal Herri osoko herri eta antzokietan emanaldi ugari eman zituzten. 2003-2004 urtean “Txirri, MIrri eta Txiribiton junior” sortu zen eta 2013. urtean “Txirri, Mirri eta Txiribiton” zaharren azkenengo saioa izan zen.

 

 

https://tickets.kutxabank.es/#/es/detalle/20230108@Janto_KB/EIBAR/