27. Euskal Jaialdia jokatuko da domeka honetan Untzagan

27. Euskal Jaialdia jokatuko da domeka honetan Untzagan
2022/06/17 eta kitto!
Euskal Jaialdia ez da atzo goizeko kontua Eibarko San Juan jaietan. 2018an ospatu zituen bere zilarrezko ezteiak eta, azken bi urtetan (denok dakigu zergatik) egin barik egon ondoren, berriro dator guregana, inoiz baino indartsuago.

...eta kitto!Euskara Elkarteak antolatzen duen jardunak aurten lehenengoko asteburuan izango du bere hitzordua, hilaren 19an (domeka) izango baita, eguerdiko 12:30etik aurrera. San Juan jaietako egitarauan guztiz sendotuta dagoen Euskal Jaialdian, aizkolarien lanarekin batera, harrijasotzaileena eta txinga eramaileena ere ikusi ahal izango da, “Iparraldeko jokoen muestrarioarekin batera”. Antolatzaileek diotenez, “gutxi gorabehera ordu eta erdiko iraupena izango du eta, ia betiko lez, osatuko diren hiru taldeen arteko lehia izango da erabakigarriena”.

Parte hartuko duten kirolariei erreparatuz, hasieratik, “urterik urte, kalerik egin gabe”, eibartarron artean “nagusitzen” joan den Ernesto Ezpeleta “Bihurri”k oraingoan ere bere onena emango du, gaur egun aizkolarien arteko lehen mailan diharduen Hodei bere semearekin batera. Julen Mendieta Lemoako beteranoa, Goizeder Beltza eta Jon Telleria nafarrek eta Alex Txikon mendizale ospetsua izango dira beste lau aizkolariak, horrela seikotea osatzeko. Eurekin batera jardungo dute Ane Zinkunegi harri-jasotzailea, Nerea Egurrola txinga-eramailea (bera da Euskal Herriko txapelduna modalitate horretan) eta Karlos Aretxabaleta Iparraldeko jokoetan.

Erakustaldia eta lehiaketa
Denetarik izango du oraingoan ere Euskal Jaialdiak, erakustaldiak eskaintzeaz gain lehiak ere izango duelako bere tartea, jokoen amaieran erabakiko dena. Hasteko, “hainbat erakustaldi eskainiko ditugu, aizkorarekin zutika, aitzurraz baliatuz eta esku bakarrarekin”. Ondoren, “txingekin eta ingudearekin hainbat erronka prestatuko ditugu, Iparraldeko jokoekin errematea egiteko”. Lehiaketa nagusian, bestalde, hiru talde osatuko dituzte, binaka aizkolarirekin, “eta harrijasotzeak, aizkora-lanak eta azkeneko korrikaldiak” osatuko dute proba hori.