48. Udako Ikastaro bereziak antolatu ditu Udako Euskal Unibertsitateak

48. Udako Ikastaro bereziak antolatu ditu Udako Euskal Unibertsitateak
2020/05/26 07:23
eta kitto!
Udako Euskal Unibertsitateak 48. Udako Ikastaro bereziak antolatu eta horietarako matrikulazioa zabaldu du. Antolatzaileen berbetan, “aurrekaririk gabeko egoera honetatik ateratzen ari garen honetan, Udako Ikastaroen eskaintzarekin aurrera egiteko erronka jarri diogu geure buruari; data berriekin eta osasun neurri guztiak hartuta, noski. Gure Udako Ikastaroen bereizgarria da aurrez aurrekotasuna, harreman pertsonalak akuilatu eta komunitatea sortzea baitute helburu. Ezohiko egoerak ezohiko neurriak hartzea eskatzen du eta aurtengo Udako Ikastaroek 10 euroko prezio sinbolikoa izango dute. Egoera berezi honek sortzen dizkigun arazoak aukera bihurtu, ausartak eta sortzaileak izan, eta 48. Udako Ikastaroen eskaintza berezia #ElkarEkin osatuko dugu!”.

Aurtengo eskaintzaren baitan 12 ikastaro eta 5 jardunaldi eskainiko dituzte, uztailaren 13tik irailaren 4ra bitartean, Eibarren, Donostian, Usurbilen, Iruñean eta Baionan. Aurrez aurreko eskaintza izango da, “ezagutza eta esperientzien elkartrukerako gunea baitira Udakoak”, eta segurtasun neurri zorrotzak jarraituko dira. Bestalde, ikastaro laburrak izango dira, 6-10 ordutakoak eta talde txikiak osatuko dira (10 lagun gehienez). Matrikulazioa atzo zabaldu zuten eta online egin beharko da, www.ueu.eus orrian. Ikastaroen zerrenda eta informazioa ere bertan aurkituko duzue.