Ainara Unanue, aktorea: “Lur jota amaitzen ditut ikuskizunak”

Ainara Unanue, aktorea: “Lur jota amaitzen ditut ikuskizunak”
2022/06/03 eta kitto!
Ainara Unanue aktore eibartarrak ‘Depalabrayhueso’ izeneko konpainia sortu du eta ekainaren 11n Madrilgo ‘El Pasillo Verde’ aretoan aurkeztuko du konpainiaren lehen antzezlana: ‘Cosa’. Unanuek antzerki fisikoa eta dantza garaikidea uztartzen ditu ikuskizunean, eta denbora guztian eszenatoki gainean bera bakarrik egongo da.

 

Zergatik sortu duzu konpainia?

Urte asko daramatzat antzerkiaren munduan. Hainbat konpainiatan ibili naiz eta neure kabuz zerbait sortzeko gogoa neukan. Orduan, ‘Cosa’ ikuskizuna sortzen hasi nintzen eta berehala ikusi nuen konpainia sortu behar nuela aurrera jarraitzeko.

 

Nolako lana izan da?

Pieza hau orain dela lau urte prestatu nuen, baina ez neukan denborarik ondo osatzeko eta abar. Orduan, pandemia iritsi zen eta lanarekin aurrera jarraitzeko aukera nuela ikusi nuen. Rakel Ezpeletarekin elkarlanean antzezlanari forma eman genion eta, gero, taldea osatu genuen Mexikoko zenbait lagunekin. Lan gogorra izan da, antzezteaz gain beste mila gauzaegin behar izan ditudalako, baina ilusio handiz egin dut, lagun artean eta euren laguntzarekin.

 

Nolako antzezlana da ‘Cosa’?

Helduei zuzenduriko ikuskizuna da. Antzerki fisikoa lantzen dugu, dantza garaikidearen hizkuntzarekin uztartuz. Bertan, abusuak jasateko arriskua duen neska bat da protagonista (gaztea, pobrea, lan esplotazioaren biktima...) eta kosifikazioari buruzko gogoeta bat planteatzen dugu. Bera bakarrik agertzen da taula gainean eta irudimena erabiltzen du ihesbide bezala.

 

Taula gainean bakarrik egonik, nola amaitzen dituzu saioak?

Lur jota! 2021eko azaroan Mexiko Hirian egin genuen ikuskizunaren nazioarteko aurrestreinaldia eta jota amaitu nuen saioa.

 

Nolako bidea egin duzu antzerkiaren munduan?

Unibertsitate Laboralean hasi nintzen Narruzko Zezen taldearekin. 14 urte nituen eta hasieratik ikusi nuen hori zela nire bizitzan egin nahi nuena. Gero Gasteizera joan nintzen ikasketak egitera, zenbait konpainiatan ibili naiz eta horrela orain arte.

 

‘Cosa’ Madrilen dago ikusgai orain, baina beste toki batzuetan ibiliko zarete?

Bai! Abenduan Euskal Herrira joatea espero dugu eta, noski, Eibarren aritzea. Zenbaitetan antzeztu dut Eibarren, baina ez hainbeste, eta gogoa dut.

 

ainara unanue1 ainara unanue2