Alberto Egurrola, idazlea: “Azalaren azpian bizi gara, babes gutxi hainbeste negurentzat”

Alberto Egurrola, idazlea: “Azalaren azpian bizi gara, babes gutxi hainbeste negurentzat”
2022/11/11 11:11
eta kitto!
Artearen bitartez espresatzeko modu ezberdinak aurkitzen ditu Alberto Egurrolak eta, batzuetan marrazten eta margotzen ikusi badugu, liburu batekin etorri zaigu besapean orain. ‘Hace frio fuera’ da Egurrolaren liburuaren izenburua eta kutsu sozialeko aforismo eta esaldiak batzen ditu bertan.

El Circulo Rojo editorialak kaleratu du Egurrolaren liburua eta autoeditatutako lana da. Ahoz aho nolabaiteko ospea hartu du eibartarraren lanak eta argitaratutako ale guztiak saldu ditu dagoeneko. Baina lasai, bere obra irakurri nahi izanez gero, Juan San Martin Liburutegian aurkituko duzue.

 

Nondik abiatu zara liburua idazteko orduan?

Deban nengoen margotzen eta, badakizu, pentsatzen hasten zarenean burura hainbat ideia datorkizkizu. Orduan, egin nuena izan zen ideia horiek telefono mugikorrean apuntatu. Era berean, gaupasaren baten ere gertatu zitzaidan ideia batzuk okurritzea eta mugikorrean apuntatzea. Azkenean 86 orriko liburua egin dut, baina 400 orri betetzeko adina ideia nituen apuntatuta. Orokorrean, liburuak oinarri soziala du eta gaiak umorez lantzen ditut. Jendeari behintzat gustatu zaiola uste dut. Batzuek esan didate esaldi batzuk birritan irakurri behar izan dituztela bertan esan nahi nuena ondo ulertzeko. Beraz, hausnartzeko aukera ematen duela uste dut. Erraz irakurtzen eta ulertzen da, hitz-jokoak egiten ditudan eta esaldiek zentzu bikoitza duten arren.

Oinarri soziala badu ere, gai zehatz bat lantzen duzu ala gauza askoren inguruan jarduten duzu?

Gai askoren inguruan burura etorri zaizkidan gogoetak jaso ditut eta, era berean, gai asko lantzen ditudan arren, bat egiten dute moduren baten. Hori bai, ez dute ordena zehatzik jarraitzen, pintzelada txiki batzuk dira.

Zer esan nahi izan duzu izenburuarekin?

Amaren uteroan gaudenean bero gaude, babestuta, baina mundura agertzen garenean hotza egiten hasten da. Hortik dator ‘Hace frio fuera’ izenburua. Gogoeta horretatik tiraka, zera diot liburuan: azalaren azpian bizi gara, babes gutxi hainbeste negurentzat.

Nondik datorkizu idazteko grina?

Idazten hasi baino lehen, liburu asko irentsi ditut. Bizitzan zehar denbora libre asko edukitzeko aukera izan dut eta denborarik gehiena margolaritzari, marrazkigintzari eta literaturari eskaini diot. Irakurketak betidanik liluratu egin nau.

Zer irakurtzea gustatzen zaizu gehien?

Denetik. Nobela beltzak seriean irakurtzen nituela esaten nuen lehen, adibidez. Etxean liburuak daude toki guztietan. Bestetik, liburutegira joateko ohitura handia daukat. Esan beharra dago liburutegiak demaseko zerbitzua eskaintzen duela herrian. Beti daude laguntzeko prest, liburutegiko liburu guztietara sarbidea duzu etxetik, demaseko katalogoa du, liburuak eskatu ditzakezu (60 eskaera inguru egin ditut eta beti ekarri didate eskatutakoa)... Egiten duten lana goraipatu beharra dago.

Irakurle sutsua izan arren, idaztea beste kontu bat da. Beti izan duzu idazteko erraztasuna?

Baietz esango nuke. Beti eduki dut idazteko joera eta, esan bezala, liburu honen orrialde kopurua bikoiztu ahal izango nuke nahi izanez gero. Bestetik, aforismoez gain, kontakizunak eta ipuinak ere idatzi izan ditut.

Liburuan zer sartu erabaki behar izan zenuenean, nola egin zenuen?

Oso erraz! Amak, arrebak eta hirurok aforismo eta esaldi guztiak irakurri eta aukeraketa egin genuen. Batzuk kanpoan geratu dira, baina beste momentu baten berreskuratu ahal ditut. Horrela, batzuk aukeratu arren, beste batzuk aukeratu ahal genituen lasai-lasai, kalitate aldetik antzekoak direlako.

Beste libururen bat argitaratzeko asmoa duzu?

Bai, baina jendeari espazioa laga nahi diot eta ez ateratzea liburu bat bestearen atzetik. Izan ere, liburuak uztailean jaso nituen eta Debako Arkatza liburu-dendara eraman nituen. Bertako emakumeak liburua irakurri eta gustatu egin zitzaion, eta handik pasatzen ziren eibartar guztiei gomendatzen zien. Oso ondo saldu zen hilabete eta erdian. Uste dudana da irakurtzeko ohitura duen jendeari gustatu zaiola liburua batez ere.

Liburuaren arrakasta ikusita, ez duzu pentsatu gehiago argitaratzea?

Bai, baina ez dakit. Bidea alderantziz egin dut agian. Izan ere, lehenik eta behin hedabideengana jo beharko nuke eta gero saldu (barreak). Pozik nago egindakoarekin eta liburua irakurri nahi duenak liburutegian aurkitu dezake. Hau ez dut dirua irabazteko egin, jendeak egiten dudana ikus dezan baizik.

Margotu, marraztu eta idatzi egiten duzunez, zerk bultzatzen zaitu gauza bat modu batean edo bestean egitera?

Jakin-mina duen pertsona naiz, esponja bat bezala gauzak xurgatzen ditut eta, gero, kanporatu egin behar ditut. Adibidez, liburuaren irabaziekin tablet zoragarria erosi dut eta tabletarekin margotzen hasi naiz. Gauza berria da niretzat. Eta begira, zerbait aurreratuko dizuet: hurrengo liburuaren izenburua ‘Hace frio dentro’ izango da eta azalerako irudi berdina erabiliko dut, baina kolore hotzekin. Tabletarekin egin dut hori.

Aforismoen bitartez gauza asko esaten dituzu oso hitz gutxitan. Sinplea badirudi ere, seguruenik zaila izango da hori egitea. Moduren batean landu duzu aforismoak sortzeko teknika?

Bizitzan zehar hainbeste irakurri dudanez, uste dut esaldiak burura bakarrik etortzen zaizkidala. Batzuk irakurriko dizkizut, adibide batzuk edukitzeko: “Non dago iluntasuna argia itzali aurretik?”, “Aurten irabazitakoak aurreikusitakoa gainditzen du, baina nori irabazitakoak?”, “Beti zuzena dena egiten baduzu, asko ez duzu gozatuko”. Bitxia da, baina irakurle bakoitza gogoeta batekin geratzen da eta, eurak ezagututa, pentsa dezaket zergatik gustatu zaizkien gogoeta horiek gehien.

Autoeditatutako liburua izanik, nolako prozesua bizi izan duzu liburua zuk zeuk editatzeko orduan?

El Pais egunkariaren kontrazalean ikusi nuen editorialaren iragarkia eta horrela jarri nintzen editorialarekin harremanetan. Oso ondo moldatu naiz eurekin eta arazoren bat egon den momentuan beti egon dira laguntzeko prest. Espainiako autoediziorako editorial nagusiena da eta oso jatorrak eta adeitsuak izan dira beti. Erosoa izan da eurekin harremanetan jartzea, telefonoz eta Internet bitartez egiten genuen berba, eta ez da arazorik egon.