Patxi Bisquerten Ombuaren Itzala pelikula Donostiko Zinemaldian emango dute

Pello Mari Otaño poeta eta bertsolariaren inguruko luzemetraia sortu du Eibarren bizi izandako zinemagileak
Patxi Bisquerten Ombuaren Itzala pelikula Donostiko Zinemaldian emango dute
2025/09/18 11:12
eta kitto!

Zizurkilen aurre-estreinaldia egin ondoren, urte hasieran ikusi zuen argia Patxi Bisquertek zuzendutako Ombuaren Itzala filmak. Filma auzolanean egin dute, Eguzki Art Zinemak bultzatuta, eta orain Donostiko Zinemaldian ikusteko aukera izango dugu, birritan gainera. Lehen proiekzioa irailaren 25ean egingo dute, Principe zineman; eta bigarrena hurrengo egunean, irailaren 26an, Antiguo Berrin.

Ombuaren Itzala pelikulak Pello Mari Otaño poeta eta bertsolariaren (Zizurkil, 1857 – Argentina, 1910) bizitza kontatzen du. Otañok zerbitzu militarra egin nahi ez zuelako egin zuen ihes Argentinara lehenengoz. 33 urterekin gaixotu eta Gipuzkoara itzuli zen. Madalen Alberdi ezagutu, ezkondu eta Donostian finkatu ziren. Hainbat literatur lehiaketatan parte hartu eta bere konposizio poetikoengatik nabarmendu zen. Ezin zuenez bere familia eta izaera politikoa (liberal errepublikano eta foruzalea) mantendu, Argentinara itzuli zen azken aldiz emaztearekin eta hiru seme-alabekin.

Eibarren hazitako Patxi Bisquert zuzendaria den bitartean, Joseba Usabiaga eta Sara Cozar dira pelikulako protagonistak.