Alex Diaz, zuzendari artistikoa: “Disneyk sortu duen Pinotxoren irudia apurtzen dugu”

Alex Diaz, zuzendari artistikoa: “Disneyk sortu duen Pinotxoren irudia apurtzen dugu”
ETA KITTO 2020, Ots 07

Gorakada antzerki konpainiak ‘Pinocchio’ ikuskizuna eskainiko du bihar, 17.00etan, Coliseoan. Carlo Collodik autoreak idatzitako ipuin klasikoaren egokitzapen gaurkotua prestatu du Gorakadak, Pinotxoren jatorrizko esentzia berreskuratzeko asmoz. Gainera, Nerea Ariznabarreta eibartarra izango dugu aktoreen artean.

 

– ‘Moby-Dick’ eta ‘Ulisesen bidaia’ moldatu ondoren, ‘Pinocchio’ aurkeztu berri duzue. Nolabaiteko ardura sentitzen duzue horrelako klasikoak moldatzean?

Istorio klasikoak moldatu eta zure ukitua ematean ardura handia sentitzen da, bai autorearengatik, bai publikoarengatik. Carlo Collodi Pinotxoren istorioa gaur egun idazten imajinatu dugu. Hau da, gaur egungo gizarte kontsumistan, ardura gutxi eta beharrezkoak ez diren balioak dituen gizartean. Beraz, bai, ardura sentitu dugu eta ardura horrek lotu egin gaitu. Ez digu guztiz libre izaten utzi. Egiten dugun horrekin istorioaren autorea pozik egotea asko zaintzen dugu.

– Pinotxorena oso istorio ezaguna da. Nola eman diozue beste buelta bat?

Eleberri, testu edo ipuin bat irakurtzen dugunean barrenean duen egia bilatzen saiatzen gara. Collodik Pinotxo idatzi zuenean sasoi hartako gizarteaz egin zuen berba, baina ondoren egin ziren egokitzapenetan, Disneyk klasikoei ematen dien tratamenduaren eraginez, ikuspegi gozoa, atsegina eta dibertigarria eman zitzaion istorioari. Guk istorioaren jatorrizko esentzia berreskuratu nahi izan dugu. Pinotxorena oso istorio erreala da, kasik krudela. Istorioa idatzi zen sasoian gosea zegoen, pobrezia handia, eta zentzu horretan sakondu dugu. Istorio modu errealistan kontatzen dugu, baina umorea erabiliz. Autoreak bere sasoian egin nahi zuena nabarmendu nahi izan dugu eta istorioa eguneratu dugu horretarako.

– Istorioa eguneratuz, publiko gazteenak hobeto ulertzen du ikuskizuna?

Bai, baliteke. Publikoa oso istorio ezaguna ikustera dator eta pixka bat arriskutsua da kanon ezagunetatik aldentzea, baina bizi garen gizartea nolakoa den ezagutarazten saiatzen gara. Disney eta horrelakoek Pinotxoren inguruan sortu duten irudia apurtzen dugu. Ez dugu eurek egindakoa kritikatzen, baina istorioa kontatzeko beste modu bat dagoela aldarrikatzen dugu, bere sasoian Collodik egin zuen bezala. Antzerki ikuskizun ona da, atmosfera bisual erakargarria du, antzerki eta musika testuingurutik aldentzen den giro musikala sortzen dugu, eta gure konpainiako ikuskizunek duten ukitu berezia eman diogu. Ikuskizunak karga emozionala du, dibertigarria da eta munduan gertatzen denaren inguruan hausnartzeko aukera ematen du.

– Urtarrilaren 26an estreinatu zenuten ikuskizuna. Nolako harrera izan du?

Publikoak ondo hartu du, sorpresa pixka batekin. Ikusleek imajinazioa erabili dezaten saiatzen gara beti, ez diegu dena eginda ematen. Adibidez, etxe bat irudikatzeko pareta eta teilatua erabili beharrean, aulki bat bakarrik erabiltzen dugu eta publikoak etxe bat dela imajina dezake; edo pertsonaia bat katu bat dela iradokitzeko, ez diogu bibotea eta buztana jartzen, baizik eta aktorearen gorputz-jarrerak erakusten du katu bat dela. Lortutako emaitza argia bada, publikoak asko eskertzen du.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »