Ander Lipus, aktorea: “Unai Iturriagaren idazteko moduak umore beltz asko dauka”

Ander Lipus, aktorea: “Unai Iturriagaren idazteko moduak umore beltz asko dauka”
2019/03/09 eta kitto!
Maitek eta Karlosek, Patricia Urrutiak eta Ander Lipusek, Jimmyren gorpua daramate hozkailu barruan. Lagun minak izan arren, inoiz ez diote galdetu nongoa den eta ez dakite non enterratu behar duten. ‘Hozkailua’ benetako adiskidetasunari buruzko istorioa da, Unai Iturriagak idatzi eta Manex Fuchsek zuzendutako antzezlana. Bihar edukiko dugu ikusgai 20:30ean Hezkuntza Esparruan.

- ‘Hozkailua’ izeneko antzezlana ekarriko duzue Eibarrera. Zer dago hozkailu horren barruan?

Sorpresa! (barreak) Jimmy daramagu hozkailuan, Maiteren eta Karlosen kolega. Gazte denboran Maite, Jimmy eta hirurok orduko punkaren muinera joan ginen, Londresera. Oso punkiak ginen, baina Londresen denbora bat egin ondoren Karlosek, nire pertsonaiak, bueltatzea erabakitzen du eta Maite eta Jimmy han geratzen dira. 22 urteren ondoren Karlosek Maiteren dei bat jasotzen du Hendaian hozkailu batekin dagoela esanez, eta barruan Jimmy dago. Ez dakite Jimmy nongoa zen eta bere gorputza enterratzeko bidai bat egiten dute.

- Punka aipatu duzu. Musikak garrantzia dauka antzezlanean?

Alde batetik, road movieak ematen dion klima dago, Asier Ituartek eman dion soinu-klima. Oso polita da, Keu Agirretxearen gitarrarekin atmosfera berezia sortzen delako. Bi pertsonaien bidaia da, iraganera edo etorkizunera, eurek ere ez dakite. Zer bilakatu diren ikusteko aitzakia ematen die Jimmyk. Bestetik, musika aldetik iraganera bidaia bat dago. Badago abesti garrantzitsu bat obraren amaieran agertzen dena, Baldin Bada taldearen ‘Bizi nahi dut’ abestia. Horrez gain sasoiko abesti mitikoak abesten ditugu: Eskorbuto, Hertzainak, RIP... Oso ondo sartzen da gure sasoia irudikatzeko.

- Nolako sasoia izan zen?

Sasoi hortik gatoz, baina gaur egungo istorioa kontatzen dugu. Atzera begirada da gaur egundik ikusita. Protagonistak punkiak ziren sasoi hartan eta punkia izateak bere ondorioak zekartzan, munduan egoteko modu bat. Sasoi hartan kolega izatea oso gauza garrantzitsua zen. Maitek eta Karlosek kolegen bidaia egiten dute eta euren arteko berbak ez dira politak beti, demaseko gordintasuna dago euren arteko adiskidetasunean. Unai Iturriagak idazteko daukan moduak, gordintasun horrez gain, umore beltz asko dauka.

- ‘Francoren bilobari gutuna’ antzezlana egin eta gero, berriz taularatzen duzu Unai Iturriagak idatzitako testu bat. Gustora sentitzen zara bere idatziekin?

Unai eta biok belaunaldi berekoak gara eta konplizitatea dago bion artean. ‘Zaldi urdina’ deituko den obra berria dihardugu prestatzen, eta Igor Elortza eta Unai Iturriaga berriz jarri ditugu elkarlanean. ‘Hozkailua’ antzezlanarekin formatu txikiko gauza bat egin nahi genuela argi geneukan, bi aktorerekin Euskal Herri osoan ibiltzeko obra bat, eta 75 emanaldi eskaini ditugu dagoeneko. Iparraldera, Bilbora edo Iruñara joan gaitezke, baina publikoa kontatzen dugunarekin identifikatzen da, oso hurbiletik ikusten du.

- Artifizio eta apaingarri handi barik aktoreen lana nabarmentzen da?

Bai. Patricia Urrutia eta biok gaude taula gainean pertsonaia biak antzezten, hozkailu baten laguntzarekin bakarrik, inongo apaingarririk gabe. Elkarrizketa asko dago eta nahiko arin pasatzen den obra da. Obra xumea da eta ideia horrekin egin genuen, pertsonaiak nolakoak diren eta euren ñabardurak ikusteko.