Ane Ezenarro, gai-jartzailea: “Guk islatu nahi dugunaren arabera hasten gara gaiak zehazten”

Ane Ezenarro, gai-jartzailea: “Guk islatu nahi dugunaren arabera hasten gara gaiak zehazten”
ETA KITTO 2022, Ira 23

Domekan hasiko da Bertsolaritza Txapelketa Nagusia eta abenduaren 18an jakingo dugu nork janzten duen txapela Iruñeko Nafarroa Arenan. Azken edizioetan jarraipen handia izan du txapelketak eta belaunaldi berriak bertsolaritzara berriz hurbildu ondoren, aurten ere antzeko zerbait bizi dugula dirudi.

Eibarren jaio eta Getarian bizi den Ane Ezenarro Beristain gai-jartzaile ibiliko da Bertsolaritza Txapelketa Nagusian. Ezenarro eta lankideak buru-belarri dabiltza lanean bertsolariek landuko dituzten gaiak zehazten, proposamenen atzean demaseko lana dagoelako.

 

Bost urte pasa dira azkenengo Bertsolaritza Txapelketa Nagusitik. Gogotsu edizio berri baten aurrean?

Bai, demaseko gogoa ikusten dut inguruan. Plazak berreskuratzearekin pixka bat asetu dugu bertsolaritza gose hori, baina Txapelketa Nagusia hasteko gogoz gaude.

Azken edizioetako finaletan, adibidez, BEC jendez lepo egon da, txapelketek demaseko jarraipena izan dute… Gero, pandemia iritsi zen, plazak hustu ziren eta berriz berreskuratzen ari dira. Gauzak aldatu egin direla uste duzu ala lehengo bidetik jarraituko dute?

Ez dakit zehazki zer gertatuko den, ez naiz horretan aditua, baina uste dut txapelketako giroa ez dela aldatuko.

Bost urte igarota, bertsolarien artean belaunaldi berria agertu da. Horrek aldaketak ekarri ditzake?

Bai. Aldaketa egon da bertsolarien artean eta baita gai-jartzaileen artean ere eta, ondorioz, horrek aldaketa ekarriko du.

Zuretzat lehen aldia da gai-jartzaile moduan Bertsolaritza Txapelketa Nagusian?

Bai. 2019an Gipuzkoako Txapelketan ibili nintzen eta orain lehen aldia dut Txapelketa Nagusian.

Imajinatzen dut ez dela gauza bera plazan edo bertso-afari baten gai-jartzaile ibiltzea edo txapelketa handi batean, ezta?

Noski! Plazak eta txapelketak oso ezberdinak dira. Gero, Gipuzkoako Txapelketaren eta Txapelketa Nagusiaren artean ez dago hainbesteko alderik.

Plazak eta txapelketak ezberdinak izanda ere, osagarriak dira?

Plazak beharrezkoak dira trebatzeko eta behar den gorpuzkera hartzeko, batez ere gazteentzat.

Gai-jartzaileek nolako lanketa egin behar duzue gaiak zehazteko orduan?

Txapelketa nagusian 14 lagun ari gara gai-jartzaile. Gure artean oso ezberdinak garen 14 lagun. Horrek ikuspuntu ezberdinak edukitzen laguntzen digu, zentzu guztietan, esparru ezberdinetako jendea garelako. Orduan, zer saiatzen garen kontuan edukitzen? Adibidez, generoari begiratzen diogu eta ez ditugu orain dela 20 urte jartzen ziren gaiak jartzen. Euskara asko zaintzen dugu transmisioaren aldetik, kulturaren zainketaren aldetik eta baita gaiak formulatzeko orduan ere. Denbora asko pasatzen dugu horretan. Pentsa, atzo ordu erdi pasa genuen hiru lerroko gai bat txukuntzen! Gainera, oreka bati eusten saiatzen gara, gizarteko esparru ezberdinak adieraziz. Azken neurrian, bizitzako edozein esparrutan kontuan eduki beharko genituzkeen kontuak bertsotara eramatea da gauza.

Gaiak zehazterako orduan, gai zehatz batek bertsolarien luzimendurako balio duela edo beste batek gauzak zail jarriko dizkiela pentsatzen duzue, adibidez? Edo ez duzue horretan pentsatzen?

Gure asmoa ez da bertsolariak izorratzea. Eta bestetik, gai batek luzimendurako balioko dien horri erantzunez, guk ez dakigu bertsolari jakin bati zein gai egokituko zaion. Beraz, luzimenduarena zerbait erlatiboa eta subjektiboa da, eta ez ditugu gaiak horren arabera pentsatzen. Guk islatu nahi dugunaren arabera hasten gara gaiak zehazten.

Azaroaren 12an Durangon jokatuko den finalerdian egongo zara gai-jartzaile, baina aipatu duzu talde-lana dela zuena. Nola funtzionatzen duzue?

Astero elkartzen gara, norberak proposatzen dituen gaiak etxean landuta eramaten ditu bileretara eta taldean filtroa pasatzen dugu. Gai batzuk aukeratzen ditugu eta beste batzuk ez, arrazoituz, eta onartuta ere, gai batzuk birformulatu egiten ditugu, beste batzuk beste ikuspuntu batzuetatik planteatzen ditugu… Azkenik, ontzat ematen ditugunean, poltsa batean sartzen ditugu eta gai horiekin saioak osatzen ditugu. Eta gero, saio horietan oreka egon dadila bilatzen dugu.

Badago lana atzetik!

Demaseko lan ikusezina dago. Orduak eta orduak pasa ditzakegu gaiak txukuntzen, zalantzak argitzen, formulazioa zehazten…

Aurtengo edizioan, Kartzelako Lana ariketaren izena aldatu eta Ganbarako Lana jarri diote. Ariketan ere aldaketak egongo dira?

Izena aldatuta ere, ariketa berdina izango da. Kartzela berbak duen konnotazio negatiboa kentzeko aldatu da izena, beste barik.

Eta saioetako beste ariketei dagokionez, aldaketak egongo dira?

Ez da ikaragarrizko aldaketarik egongo. Hori bai, lehenengo fasean eta finalean, puntu- erantzunetan gai bat emango diegu bertsolariei aurretik (lehen ez zen ematen). Orduan, gai bat emango dugu abiapuntutzat eta gai horri buruzko hiru bertso egin beharko dituzte, hasierako puntua emanda. Gipuzkoako Txapelketan egin izan dugu aurretik, baina berrikuntza da Txapelketa Nagusian.

Gai-jartzaile zabiltza, baina nola sartu zinen bertsolaritzaren munduan?

Gai-jartzaile peto-petoa naiz, bertsolari frustratua, kopla bat botatzen ere zailtasunak dituen norbait. Inolako konplexu barik diot.

Bertso-eskoletan bertsotan egiten erakusten den moduan, gai-jartzaileentzat ere badaude eskolak? Nola ikasten duzue?

Gai-jartzaile gehienak bertso-eskoletan trebatzen dira. Gipuzkoan, Eskolarteko Txapelketa prestatzeko, probintziako gai-jartzaile taldea sendotzeko errelebo txiki baten beharra ikusi zuten eta deialdia egin zuten. 2018ko Eskolarteko txapelketarako trebatu ginen eta 2019korako fitxatu egin gintuzten. Orduan, badugu nolabaiteko formakuntza eta gai-jartzaile bezala trebatu gara. Txapelketa Nagusiko gai-jartzaile guztiak pasa gara herrialdeetako txapelketetatik. Bestetik, ez dago formakuntza arauturik. Idatzi gabeko lege asko dago, baina guk baino eskarmentu gehiago dutenen bitartez ikasi dugu.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »