Ane Gonzalezek eta Maite Arriagak erakusketa zabalduko dute gaur Topalekuan

0    Kultura 
ETA KITTO ETA KITTO
Ane Gonzalezek eta Maite Arriagak erakusketa zabalduko dute gaur Topalekuan
ETA KITTO 2020, Abe 18

Hilaren 27ra arte egongo da zabalik Topalekuan Ane Gonzalez Nestaresek eta Maite Arriagaren margolan erakusketa (astelehenetik barixakura 19:00etatik 21:00etara; asteburu eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:00etara). Aneren lehen erakusketa izango da hau eta Maiterekin klaseetan egindako lanak jarriko ditu ikusgai. Maitek, bere aldetik, lan berriak aurkeztuko ditu.

Ane urduri dago erakusketarengatik, baina ilusio handiz egiten dio aurre. Maite Ane lasaitzen saiatzen da. Berak eskarmentu handia du horrelako kontuetan, ibilbide luzeko margolaria baita. “Ondo gogoratzen dut nire lehen erakusketa”, dio Maitek, “Portalean izan zen, 2001ean, pezetetatik euroetara pasa ginenean. Lutxi I izan zen erakusketaren izenburua, amama Lutxiren omenez”.

Aneren lehen erakusketa izanik, jendearen erantzunak arduratzen dio. “Aneri asko eragiten dio jendeak izan dezakeen tolerantzia eta enpatia. Erakusketa honek balio dezake ikusteko gaitzak eta ezberdintasunak izan arren, denok pertsonak garela. Arteak ez du ezberdintasunik egiten, espresatzeko modua da eta edonork egin dezake”, Maiteren ustez. “Erakusketa honekin jendeak bere ikuspuntua aldatu dezake”, Aneren iritziz.

Maite Arriagak arte eta sorkuntza tailerra du Ubitxan, Biharrianen, eta hainbat ikaslek erakusketak egin izan dituzte. Anek, hori ikusita, berak ere erakusketa egin nahi zuela pentsatu zuen eta erakusketa prestatzen hasi ziren. “Nik ere margolan berriak nituen eta erakusketa egiteko asmoa nuen. Beraz, hobe biok elkarrekin egitea”, Maitek kontatu digunez.

Artikulu hau lantzeko eurekin bildu ginenean erakusketarako margolanak aukeratzen zenbiltzan oraindik, asko sortu dituzte-eta. “Koadro pila bat margotu ditut, 100 inguru”, dio Anek. “Nik ere ez dakit zenbat jarriko ditudan erakusketan, baina dakidana da formatu handiko koadroak jarriko ditudala”, Maitek esan digunez.

Arteterapiatik margolaritzara

Ane orain dela hiru urte hasi zen Maiterekin margotzen. Baina nola hasi zen euren arteko harremana? “Nire lagun Jaione Aneren irakaslea izan zen eta, bere anaiarekin izan zuen esperientziagatik, bazekien margolaritza lagungarria izan zitekeela Anerentzat”, kontatu digu Maitek. Horrela, Aneren gurasoekin harremanetan jarri eta urtarrilaren 3an 20 urte beteko dituen neska bere tailerrera joaten hasi zen.

Maiterekin hasi aurretik Anek bazuen margolaritzarekiko zaletasuna. “Etxean margotzen nuen”, Anek dioenez. “Orain Maiterekin pozik nago, oso jatorra delako”. Hasieran, Ane arteterapia egiten hasi zen. “Arteterapiako klaseak oso kreatiboak dira, ez dira aurrez pentsatutako ideietatik abiatzen eta irudiak gogora ekarriz koadroak lantzen dituzte. Horrela, irudiek asko diote margolariaren inguruan”, Maitek esan digunaren arabera. Urtebetez arteterapia egin ondoren, Maiterekin margolaritza ikasten jarraitu du Anek eta maila asko hobetu duela uste du.

Anek animaliak asko maite ditu eta animaliak margotzea gustatzen zaio. “Katuak marrazten ditut batez ere, ez zaidalako beste ezer irteten”, esan digunez. “Pertsonak marrazten saiatzen naiz, baina ez zaizkit irteten, katuak edo txakurrak irteten zaizkit”, Anek dioenez.

Maitek, ordea, zuzendu egiten dio: “Baduzu Minnie Mou-seren koadro bat”. Irakasleak dioenez animaliekiko sentsibilitate berezia du ikasleak. “Animaliak pertsonak baino gehiago gustatzen zaizkio, niri bezala”, dio barrez.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »