Argazkilaritza Maiatzean egitarauko bederatzi erakusketak maiatzaren 30era arte egongo dira zabalik

Argazkilaritza Maiatzean egitarauko bederatzi erakusketak maiatzaren 30era arte egongo dira zabalik
2021/05/18 eta kitto!
Klub Deportiboko Argazkilarien eskutik, martxa betean da Argazkilaritza Maiatzean. Hilaren 30era arte bederatzi erakusketa ikus daitezke herriko areto ezberdinetan: Portalean, Sasha Asensio, Javier Ortiz, Jose Agustin Gurrutxaga eta Mari Jose Cueli argazkilarien lanak ikusgai daude; Topalekuan, Javier P. Fdez Ferrerasenak; El Ambigú tabernan, Eibarko Klub Deportiboko argazkilarien lanak ikus daitezke eta Portalea tabernan ere Deporreko argazkilarien erakusketa dago ikusteko moduan; Klub Deportiboan, berriz, Jose Luis Tejedorren argazkiak ipini dituzte; eta Untzagako Jubilatu Etxean, XLVII. Nazioarteko Gipuzkoa Saria erakusketa.

Bestalde, zapatu honetarako aurreikusita zegoen jarduera, “Topaketak kalean” izenekoa bertan behera lagatzeko erabakia hartu dute, pandemiaren eboluzioa nolakoa ari den izaten ikusita, kutsatzeko arriskua saihesteko. Azaldu dutenez,  “kasuak apurka apurka behera egiten ari diren arren, oraindik ere arriskua handia dela pentsatzen dugu. Beste urte batzuetan, Untzagan jende pilaketak egon dira kalean ipinitako argazkiak ikusten, baita argazkilaritza estudiaoren inguruan ere. Horregatik, pilaketarik ez gertatzeko, aurten ez egitea erabaki dugu”.

Hala ere, maiatzaren 30eko Argazki Rallyari eutsiko diote. Jarraian dauzkazue parte hartzeko moduak, bete beharreko baldintzak eta gainerako informazio guztia.