Arima Cooltour: “Buztin polimerikoak aukera amaigabeak eskaintzen dizkigu”

Arima Cooltour: “Buztin polimerikoak aukera amaigabeak eskaintzen dizkigu”
ETA KITTO 2020, Urr 23

Mundu bat dago buztin polimerikoen atzean. Material egokia da sormenari bidea eman eta buruan duguna islatzeko. Arima Cooltour-ek buztin polimerikoen ikastaroa emango du hilaren 28an, eguaztenean, Arrate Kultur Elkarteko gela nagusian, 18.30ean, …eta kitto! Euskara Elkarteak antolatutako ‘Ilunabarrian’ egitasmoaren barruan.

 

Zer dira buztin polimerikoak?

Buztin polimerikoa mota guztietako irudiak moldekatzeko erabiltzen den pasta moldagarria da. Hainbat mota daude. Adibidez, badaude labean sartu behar direnak figura gogortu dadin, “Fimo” izeneko buztin ospetsuaren kasuan; edo airearekin lehortu eta gogortu egiten diren buztin polimerikoak. Guk azkenengo hauek erabiliko ditugu tailerrean

 

Nolako aukerak eskaintzen ditu material honek?

Apaingarriak edo irudi sinpleak egiteko aukera eskaintzeaz gain, maketa konplexuak ere moldekatu daitezke. Sorkuntza artistikoan asko erabiltzen da. Adibidez, animaziozko zinean. Beraz, buztin polimerikoak eskaintzen dizkigun aukerak amaigabeak dira.

 

Zer landuko duzue ikastaroan?

Gau Beltzaren egunaren gertu dugula aprobetxatuz, sorgin baten figura sortuko dugu.

 

Aurretik nolabaiteko trebezia izatea beharrezkoa da ala hutsetik hasiko zarete?

Ez da beharrezkoa material honekin aldez aurretiko esperientzia izatea. Hasteko, materiala aurkeztuko dugu eta oinarrizko teknikak irakatsiko ditugu. Tailer hau, bere konplexutasun teknikoagatik, pausorik pauso emango dugu eta taldeak erritmo berean egingo du aurrera, denek nahi duten emaitza lor dezaten. Teknika ikasten joango gara sorginaren sorkuntzan aurrera egin ahala. Tailerra amaitzean, parte-hartzaileek etxean buztin polimerikoarekin lan egiten jarraitzeko behar diren ezagutzak izango dituzte.

 

Zergatik izan daiteke garrantzitsua edo onuragarria tailerretan parte hartzea?

Gure ustez, pertsonekin zuzeneko harremana zailagoa bihurtu den une honetan, aurrez aurreko tailer batean modu seguruan parte hartu ahal izateak konfiantza eta beldurrak arintzea ekar diezaguke. Gainera, gure tailerretan beti bultzatzen dugu parte-hartzaileen sormena eta, horrela, beste pertsonekin gure alde sortzaileenaren zati bat partekatu dezakegu eta, era berean, besteen sormenaz busti. Tailer honetan zehazki, oro har nahiko ezezaguna den materiala aurkituko dugu, mugarik gabe eta autonomiaz landu dezakeguna eta, agian, sormen-ate bat ireki diezaguke.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »