Arrateko Ama, zaindari onena

Arrateko Ama, zaindari onena
2020/09/08 eta kitto!
Eibartar askorentzat Sanjuanak eta Sanandresak baino jai onartuagoak dira Arratekoak. Oporretatik bueltan ezin aproposagoak egiten zaizkigu orokorrean irailaren lehen asteburuko jai horiek, baina oraingoan kale egin digute, beste askok bezala, eta ezin izango ditugu gustatuko litzaigukeen moduan ospatu. Hori aprobetxatuta, lerro hauetan gure Zaindari Onenaren inguruko berriak errepasatu ditugu, badaezpada ere ahaztu ez ditzagun.

Arrate inguruan badaude hainbat ipuin edo kondaira, eliza bera zelan eraiki zen kontatzen duen istorioa esaterako. Esaten dutenez, Amabirjina artzain bati agertu zitzaion, berari eliza eraikitzeko eskatzen. Artzainak beste baserritarrei kontatu zien gertatutakoa eta, denon artean, eliza Azitainen egitea erabaki zuten. Artzainak, baina, Arraten egin nahi zuen eliza; besteek, ostera, nahiago zuten Azitainen egitea eta, gehiago zirenez, beharrari ekin zioten Azitainen. Baina, egunez beharrerako erabiltzen ziren tresnak, gauez bateren batek Arrateraino igotzen zituen. Sinesgabeenak Zelai eta Pagoaga ziren eta honako erabakia hartu zuten: tresna guztiak atzera ere Azitainera jaitsi eta gauez zelatan geratu. Zelatari zeudela, zarata entzutean batek ate-morroilo zulotik eta besteak zirrikitutik begira hasi zirenean, neskatila ilegorri polit bat ikusi zuten, gurdi apain batera tresnak eramaten. Eskuan akuilua hartuta, biei begiratu eta honakoa esan omen zien:
Aida, Txuri ta Belio.
Zelataka dagoenari
begiak urten bekio.
Berriz, makurka dagoana
oker gelditu beio.

Eta hodei argitsu batean joan zen gurdia, idiek tirata, neskatila aingeruarekin. Pagoaga begi barik gelditu zen eta Zelai konkor, eta baserri bietan hainbat gizaldietan haien oinerdekoak ere begibakar eta konkordunak izan ei dira. Horrela jasota dator Juan San Martin euskaltzain eibartarraren “Antzinako Eibar” liburuan, Arrateri eskainitako ataletan.

Arratetikuak
Eibarko euskeran ere badu zerikusia Arratek, batzuen iritziz behintzat. Esate baterako, Toribio Etxebarriak “Arratetikuak” berba erabili zuen bere lan marduletan. Izan ere, beste toki batzuetan umeak Parisetik etortzen direla esaten duten moduan, Eibarren umeak Arratetik etortzen dira, edo hori da umeei esaten zaiena. Gero, umeak elizan sartzean, gurasoei galdetzen zieten ea non gordetzen ziren umeak eta gurasoek sabaiaren erdian zintzilik dagoen itsasontzia seinalatzen zuten. Hortik zabaldu zen umeak itsasotik heltzen ziren ustea. Gainera, sasoi batean gure herrian ume bat gaixotzen zenean Amabirjina ikustera eramaten zuten, harek sendatzeko. Ezkon-laguna topatzeko bideak ere badu zerikusi zuzena Arraterekin: hango mendigailurrean dagoen harrizko kurutzeari Kredoa errezatzen hiru buelta ematea baina gauza hoberik ez ei dago.

ARRATE1

Datu zaharrenak
1442. urteko abuztuan, Mendaroko neska txiki bat behiak zaintzen zegoela, harri pila batean Arrateko Amaren irudia aurkitu zuen, orain Arraten dagoen irudia. Abadeari parte eman eta abenduaren 8an jarri zuten Amabirjinaren eguna. Horrek datuok Erroman azaldutako paperei zor dizkiegu. Abade frantziskotar batzuk eman zuten horren berri, nahiz eta kalean betidanik entzun dugun ipuinean Amabirjina “Zelai” baserrikoari agertu zitzaiola.

Noizkoa den seguru esaterik ez dago, baina Eibarko herriari buruzko hasiera-hasierako agiriek Arrateko ermita aipatzen dute. 1498. urteko dokumentu batean, “egurtzak” (herriko basoetan egurra hartzeko eskubidea) zirela-eta, Arrate izendatuta dator. Adituek diotenez, askoz lehenagokoa dugu. Orduan Santiagorako bidea egiten zuten erromesak Arraten geratzen ziren, seroren kargu zegoen ostatuan.

1954an jaitsi zuten Arrateko Amabirjina laugarrenez Arratetik. Irudian, Urkizuko parkean eibartarrez inguratuta.

Amabirjinaren eguna Aita Santuak aldatu zuen
Arrate eguna antzina abenduaren 8an izaten zen. 1573. urtean Pio IV.ak irailaren 7ra aurreratzeko baimena eman zuen. Honakoa esan zuen: Arrateko Amabirjinaren eliza mendian dagoenez, eta abenduan, Sortze Garbiaren egunean, hotz handia eta elurteak izaten direnez, Kofradiari baimena ematen diot Arrateko eguna irailaren 7ra aurreratzeko. Eta Amabirjina Sortze Garbian meza emateko baldintza jarri zuen.

Aita Santuaren “brevea” edo baimena galduta dago. Itxura denez, 1794. urteko suteetan galduta. Agiriek dioskuenez, Jose Maria Etxezarreta abadeak latinetik euskerara eta gaztelerara itzuli zuen Aita Santuaren esana. Erdarazkoa Mugicaren Monografian dator, baina euskarazkoaren berririk ez dugu.

1754: Eskandalua Arraten
1754ko abuztuan Don Pedro Cano y Mucientes korrejidoreak “Arrateko santutegian gertatzen diren eskandaluen kontra” zeritzon Autoa argitaratu zuen. Jaun prestu hori ezaguna egingo zaio bati baino gehiagori, bera izan baitzen urte horretan udal hauteskundeetarako Ordenantzak euskerara itzuliarazi zituena: Jaunac, en resumidas cuentas, onec esan gura dabena da hasten ziren ordenantza famatuak.

Abuztu horretako Autora bueltatuta, ikusi dezagun zein eskandalu ziren baztertu beharreko horiek: “Urtero iraillaren zaspichan emoten jaco asieria Arrateco Ama Birgiñaren ermitaren devociñoari (...) seiñaren bides inguru ta bastar guztichetaco gente saldoac etorten baittira ta orrei danei serbizeco denda ta barraca ugari eraikitzen dira, nun anoia edo janaricha ez ece ardaua bere naro egotten baitta, ta nun bata sein bestia oparo jan da edaten diran”.
Korrejidore jauna ez zen zurrut kontuen laguna, baina gaitzago zeritzon “danza festejo quescagarrichari”, zergatik eze “diversiñoac eta libertinajiac engaiñazen dittuenes, gau gusticua celaichan yragatten dabe esparcidutta o sacabanatutta”.

Gainera, batzuk ilunpeko zirriekin ez ziren asetzen nonbait, zeren, eliza barruan gizonak eta emakumeak bereizita egon arren, korrejidoreak aurrerago dioenez, “... morroi bat erropac baiño lenago lossa eranzi ta emacumezco soiñecua janzitta andrartian sartu zan astoramenduba ta anabasa ta exenplu charra sorturic”. Larregikeria horiek sustarretik mozte aldera, korrejidoreak zurrun jokatu zuen: “Amar ducaten multia ta illabeteco carzela”.

Arrateko Ama bost aldiz izan da Eibarren
Bostak ere XX. mendean. Lehenengo jaitsiera 1913an izan zen, “parrokiara jaitsi eta kanpaina-meza egiteko Gasteiztik lizentzia jaso ondoren”. Handik bederatzi urtera, 1922an, jaitsi zuten bigarren aldiz eta baita bederatziurrena eskaini ere parrokian. Hirugarrenez 1929an izan zen hiri barruan eta, Gasteizko apezpikuaren bisita aprobetxatuz, koroatze kanonikoa egin zuten azaroaren 3an. Eugenio Urroz zen orduan San Andreseko parrokoa. Eibarrera egindako laugarren jaitsiera 1954an egin zen, koroatzearen zilarrezko ezteiak ospatu eta Andre Mariaren Urte Santua zela baliatuz. Azaroan etorri eta abenduaren 12ra arte egon zen, egun horretan “agur bikaina lagun izanik” santutegira bueltatzeko. Eta bosgarren eta azkena 1999. urtean izan zen, orduko hartan apirilaren 24tik irailaren 7ra arte, denbora guzti horretan San Andres parrokiako tronoan. Orduko bederatziurrenean herriko zortzi parrokiek, txandaka, presiditu zituzten ospakizunetako bakoitza. Arrate Egunaren bezperan, bestalde, Arratera bueltatu aurretik San Andres Egoitzan eta Aginagako elizan egin zituen geldiuneak. Arratsaldeko 16:00etan atera zuten parrokiatik, 17:00etan Aginagan zegoen eta, handik ordubetera, 18:00etan, Arratera heldu ziren. Han Krabelin hoteletik eraman zuten anderoek santutegira.

propzesioa2

 

Bi prozesio urtero
Arrateko santutegian urte osoa ematen duen Amabirjina elizatik kanpora prozesioan ikusteko aukera oso egun zehatzetan baino ez da izaten: lehena, jakina, Arrate egunean, meza nagusia amaitu eta jarraian gurutzeraino egiten duten kalejiran; bigarrena hurrengo domekan izaten da, kofradiaren eguneko prozesioan. Horrelakoetan Amabirjina batetik bestera eramaten duten anderoak Arrateko Kofradiako kideak dira: Arraten eta inguruan bizi diren baserritarrek osatutako kofradia da eta bertako kideek Amabirjina bera zein bere inguruko beste kontu guztiak zaintzen arduratzen dira: Amabirjina prozesioan atera baino lehen jantzi egiten dute, apaindu, diamantezko koroa ipini, kandelak, lazoak eta bestelako guztiak ipinita apaindu... 2012tik aurrera andero gazteenek bigarren prozesioa egiten dute.

 

Arratera hiru pausotik joateko ibilbidea
“Arrateko pausoak” izeneko ibilbidearen hasiera Azitaingo elizaren eta Untzuetatarren jauregiaren tartean dagoen rotondan dago, zeramika lan batez adierazita. Toki berean Eltzartzako zubi zahar berreraikia eta Apalategi errotaren harriak ere ikusiko ditugu, gaur egun galduta edo ahaztuta dauden erroten oroigarri: Apalategi, Ezkaregi, Azitain, Barrenetxe... beste garai bateko ohituren isla. Bertatik abiatuta, Eltzartza baserri ingurutik gora, berritutako hiru Santutxoetan gelditzeko aukera dago:
– Lehenengoa Sumendixa baserriaren inguruan dago. Bertan Jose Antonio Azpilikueta artista eibartarraren lana ikusi daiteje, kondaira zaharra azalduz.
– Bigarren pausoa Lezeta Abeletxe inguruan dago, eta aterpe horretan Esther Galarzaren arte-lana ikus daiteke: zeramikan egindako lana da, esmaltez apaindua, eta Arrateko Amaren irudia eta abestia, “Arrateko Ama” ezaguna, erakusten ditu.
– Hirugarrena aurrekotik 10 minutu ingurura dago, Zesterokuan. Iturria baino metro batzuk gorago. XVII. gizaldiko grabatu baten erreprodukzioa du apaingarri. Jule Egañak egindako lana da, eta baserri zein itsas munduko irudiak biltzen ditu. Bidea jarraituz, 10 bat minututan Arratera helduko gara.

arrateko pausoak Arrateko Hiru Pausuen ibilbideari hasiera ematen dion irudia.

 

Simon Aldazabal Saria 1996tik
Aurten 25. edizioa bete behar zuen saria Simon Aldazabal atletaren omenez jokatzen da. 1918an Markinan jaiotako Simon oso ezaguna da Eibarko kirolzaleen artean eta Eibarko Klub Deportiboan eman zituen bere urterik onenak atleta moduan. Pixka bat berandu hasi bazen ere -29 urterekin “deskubridu” zuelako Arrateko Don Pedrok, bere alde hamar hogerleko ipini zituenean Eskaillu pelotariaren aurkako proban-, Elgoibako Mugerza krosean ere irabazle izandakoa dugu Simon. Eskailluri Arratetik Ixuara irabazi bazion ere, baditu Aldazabalek beste marka batzuk oraindik hautsi ez direnak, Arratetik Agiñaspi tabernarainokoa tartean, zortzi minutu eta erdiko denborarekin. Bere omenez orain arte jokatutako 24 edizioetako bakoitzean Eibarko Klub Deportiboak lagun bat omendu du urtero.

simon aldazabal Simon Aldazabal atleta, marka handiaren jabea.

1945. urte inguruko   probalekua
Florentino Areta alkate zela egin zen Arrateko zelaian dagoen probalekua, 1945. urtearen bueltan. Bertako harrien pisuak, bestalde, honakoak dira: 2.020 kilo pisatzen du handiak (idi-dematan erabiltzen denak) eta 750 txikienak (gizonharria denak).