Astelehenean zabalduko dituzte Portaleko udal zerbitzuak, liburutegia izan ezik

Astelehenean zabalduko dituzte Portaleko udal zerbitzuak, liburutegia izan ezik
2020/05/29 eta kitto!
Portalea eraikinak astelehenean zabalduko ditu ateak berriro, COVID-19ren pandemiak eragindako alarma-egoeraren ondorioz martxotik itxita egon eta gero. Udalak jakinarazi duenez, astelehenetik aurrera Armagintzaren Museoa, erakusketa-aretoa eta Gizartekintzako bulegoak zabalduko dituzte, azken hori ohiko ordutegian, baina aurretiazko txanda hartuta. Lehen fase honetan, Museoaren ordutegia 16:00etatik 20:00etara artekoa izango da eta erakusketa-aretoarena, berriz, 18:30etik 20:30era artekoa.

Juan San Martin Liburutegia ez da oraingoz zabalduko, “neurri higieniko-sanitarioak eta segurtasunekoak hartzeko zain baitago. Beharrezkoak diren neurriak hartzea lortzen denean irekiko da, baina hasiera batean mailegu-zerbitzua emateko bakarrik. Hala ere, itxialdian zehar 2.800 liburu laga dituzte maileguan”.



Portaleko ekipamendua eraikin konplexua da, gutxi gorabehera 8.000 metro koadrokoa, eta hainbat udal zerbitzu daude bertan: Liburutegia, Udal Euskaltegia, Armagintzaren Museoa, bilera-gelak, tailerrak, Marrazki, Zeramika eta Musika Udal Eskolak, areto nagusia, KZgunea, erakusketa-aretoa, Gizartekintza eta Euskara eta Kultura sailak.

Instalazioak berriz zabaldu behar direla-eta, hartutako neurrien artean maskarilla derrigorrez erabiltzea, zerbitzuetan sartu aurretik eskuak garbitzea eta igogailua pertsona bakar batek erabiltzea (laguntza behar izanez gero, beste batekin igo daiteke) daude. Portalean sartzeko eta irteteko zirkuituei dagokienez, norabide bakarreko zirkuituak ezarri dira: hau da, sarrera nagusitik sartu beharko da eta zerbitzu bakoitzean adierazten diren ateetatik irten. Horretarako, seinaleak jarriko dira lurrean. Lehen solairuko zerbitzuen kasuan, kasu ia guztietan Euskaltegitik irtengo dira. Erakusketa-aretora doazenak hirugarren solairutik irten beharko dira. Eta hirugarren, laugarren eta bosgarren solairuetako zerbitzuetara joanez gero ere hirugarren solairuko irteera erabili beharko da.

Armagintzaren Museoa ohiko zerbitzuekin irekiko da, baina hasiera batean ezingo da bisita gidaturik edo ekitaldirik egin. Hala ere, erakusketa-aretoan martxoan egitekoak ziren bi erakusketa egongo dira ikusgai: “Emakumeen ekarpenak Eibarko industrian” eta “Lurra, ura eta airea harmonian”, azken hau Satur Peñak eta Isabel Aliagak osatzen duten Saisa taldearena. Erakusketa biak ekainaren 19ra arte egongo dira zabalik.