Baserritar jantzi eta ospatu Euskal Jaia domekan

Baserritar jantzi eta ospatu Euskal Jaia domekan
2020/05/29 eta kitto!
Pandemia dela eta, aurtengo Euskal Jaia bertan behera laga bazuten ere, aurreikusita zegoen egun handiaren datan, maiatzaren 31n, egun horretan ospatzekoa zela gogorarazteko keinu txikia egingo dute Eibarko Klub Deportiboko antolatzaileek. Hala ere, “babes eta segurtasun neurri guztiak errespetatu” nahi dituzte eta ez dute “inolako arrisku egoerarik sortu nahi”; beraz, “horixe izango da, keinu bat, musika, dantza eta alaitasun apur bat, Euskal Jaia urtero ospatzen dugun eibartar guztiontzat ospakizun txiki bat”.

Etzi, maiatzaren 31n, 12:00ak eta 14:00ak bitartean, Eibarko Klub Deportiboaren eskutik  musikari eta dantzari talde txiki batzuk Eibarko kaleetan ibiliko dira, kalejira eta dantza-saio laburrak eskainiz, auzoz auzo eta kalez kale. Horrela, eibartarrak gonbidatu nahi dituzte, urtero bezala, “baserritar jantzi eta musikari eta dantzariei ongi-etorria ematera… balkoi eta leihoetatik. Eta, kalean bada, distantziei ondo eutsiz, eta musikari eta dantzariekiko eta beste herritarrekiko neurriak gordez”.

Balkoi eta terrazetatik, sagardo, txakolin, ardo ala freskagarria eskuan, Euskal Jaiaren bizipoza partekatu eta elkarrekin topa (distantziara!) egitera gonbidatzen dituzte eibartarrak, “eta euskal musikaren doinura besoak altxatu eta dantza apur bat egitera, nor bere tokitik!”.

Lau taldetan antolatuta, Kezka eta Usartzako txistulariak, Jainaga eta Narbaiza trikitilariak, gaiteroak eta Kezkako txistulariak ibiliko dira Euskal Jaiaren giroa kalez kale zabaltzen domeka eguerdian. Talde txikiak izango dira, gehienez 10 lagunez osatutakoak musikari eta dantzari artean, gehi beste bi lagun antolatzaile-laguntzaile lanetan jardungo dutenak, eta babes neurriak eta distantziak errespetatuko dituzte.

Kalez kale eta auzoetako plaza txikietan eskainiko dira emanaldi laburrak: Karmen kalean, Urkizu, Ibarkurutze, Estaziño, Toribio Etxebarria, Ego-gain, Legarre, Amaña, Argatxa, Jazinto Olabe, Eguzki plaza, Txaltxa-Zelai, Eibarko Bizikleta Plaza, Plaza Barria eta Bidebarrietan, besteak beste.

Antolatzaileek jendea animatu nahi du euren argazkiak etxean, balkoian, kalean...ateratzera eta euskaljaia2020@gmail.com helbidera bidaltzera ere. Argazkiak gero era batean edo bestean ikusteko aukera egongo da, “Deporren erakusketa eginez edota sareen bitartez”. Aldi berean, seguritate protokoloa bete behar dela azpimarratu nahi dute, “ez delako jendea masiboki inguruan geratzeko ospakizuna, dinamikoa baizik; neurriak ez badira errespetatzen dantzatzeari lagako diote”.