Berbetan egitasmoaren aurkezpenean estreinatutako bideo arrakastatsua

Berbetan egitasmoaren aurkezpenean estreinatutako bideo arrakastatsua
2015/09/23 eta kitto!

Argazkiak Facebook-en ikus daitezke.


Bideoa ikusteko hemen klikatu.


 


Gaur arratsaldean udaletxeko pleno aretoan aurkeztu dute ...eta kitto! Euskara Elkartearen Berbetan mintzapraktika egitasmoa. Ekitaldian Ainara Argoitia …eta kitto! Euskara Elkarteko presidentearekin batera Patxi Lejardi euskera eta kultura zinegotziak, Mikel Irizar Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako Zuzendari Nagusiak eta Jokin Azkue Eusko Jaurlaritzako Euskera Sustatzeko zuzendariak egin dute berba eta guztiek horrelako programen garrantzia azpimarratu dute. Aurkezpenean Berbetan-en parte hartzen duten hiru lagunen esperientzia euren ahotik entzuteko aukera ere izan da eta, horrekin batera, ikasturte honetarako asmoen berri eman du Ainara Labadok. Talde argazkia egin aurretik, ikasturte honetarako, izen-emate kanpainarako prestatu duten bideoa estreinatu dute. Anemona Films-ek egina, bideoan Aitor Gorosabel, Zaloa Urain, Jon Errasti, Davide Cerchi, Leire Alberdi eta Alex Augusto agertzen dira eta musika, berriz, Jatsu Argaratek bideorako bereziki sortutakoa da.


Berbetan egitasmoak urtetik urtera gora egiten jarraitzen du. Gaur egun 100 lagun inguru daude Gurasoak Berbetan eta Berbetan Orokorrean izena emanda eta kopuru hau handitzea izango da ikasturte honetako erronka nagusia.
Antolatzaileek adierazi dutenez, “astean ordu eta erdi ateratzea zaila zela ikusten genuen eta ezezagunekin elkartzea, hasiera batean behintzat, oztopo txiki bat izan zitekela antzeman genuen. Horri buelta eman nahi diogu eta tabernari eta dendariekin erabiltzen dugun metodología bera aplikatuko dugu, baina kasu honetan kuadrilla edo talde naturaletara aplikatuta. Parkean umeei merienda emateko elkartzen den guraso taldea, edota ostiraletan poteatzera irtetzen den lagunartea… Betiko jendea, betikoa egiten, hau da euren eguneroko ohiturak aldatu gabe euskarari tartea egitea. Konpromiso txiki batzuk hartuta, adibidez; umeek bokadilloa jaten duten bitartean behintzat geu euskaraz, edota ostiraleko lehen potea behintzat euskaraz…“


EUSLEaren figura aurtengo beste berritasun bat.
Talde naturalen kasuan, gaitasun gabezia baino gehiago, ohitura falta egoten da. Hori dela eta, EUSLEA taldeak aukeratutako persona bat izango da. Honek, denbora tarte jakin batean (aste bat, hilabete bat…), euskarari eutsiko dio, nahiz eta besteek gazteleraz egin.


EKINTZA OSAGARRI MORDOA
Taldeen arteko harremanak bultzatzeko, euskal harreman sarea zabaltzeko eta euskera aisialdi eta gozamenarekin lotzeko ikasturte osorako eskaintza zabala prestatu dute antolatzaileek: irteerak, hitzaldiak, ikuskizunak, lehiaketak… etabarrez josta dator aurtengo egitaraua. Guzti hau azaltzeko diptikoak argitaratu dira.


“Euskaraz Primeran!” kanpaina taberna eta dendetan
Euskara maila ez da berdina tabernari edo dendari guztien artean, baina hori ez da oztopo, hasierako hitza behintzat, euskaraz izateko. Gero bakoitzaren gaitasunaren arabera modu batera edo bestera moldatzen dira, "baina pixkanaka-pixkana gero eta euskara gehiago erabiltzea lortuko dugu".
Dendari eta ostalarientzat ere ekintza osagarri ugari aurrekusten dituzte antolatzaileek, beti ere euskararen erabilera bultzateko; koktel ikastaroa, opariak biltzeko modu orijinalak, erosketak euskaraz egiteko lelo lehiaketa, gila lehiaketa… eta abar.