BERBETAN mintzapraktika-programak martxa betean hasi du ikasturtea

BERBETAN mintzapraktika-programak martxa betean hasi du ikasturtea
2021/10/04 eta kitto!
Urteetako esperientziak ematen duen eskarmentuarekin eta urteroko ilusioarekin ekin dio ikasturte berriari …eta kitto! Euskara Elkarteak antolatzen duen Berbetan programak. 2002-2003 ikasturtean eman zituen lehenengo pausoak, eta, beraz, 20 urte beteko ditu aurten. “Euskara lasai, lotsa eta konplexuak alde batera lagata eta giro naturalean praktikatu nahi duenak zabal-zabalik ditu ateak gurean”, diote arduradunek.

Berbetan izenak berak dioen moduan euskara praktikatzeko programa da. Horretarako, euskaraz hitz egiteko ohitura eta erraztasuna dutenak euskara praktikatzeko beharra dutenekin elkartzen dira talde txikietan. Ideia xamurra bezain eraginkorra, kontuan hartzen badugu guztiontzat ez dela erraza izaten euskaraz hitz egiteko guneak eta kideak aurkitzea. “Euskaltegian ikasitakoa praktikan jartzeko edo eskolan edo etxean jasotakoa berreskuratzeko eskaerari erantzunez jaio zen Berbetan programa orain dela hogei urte. Askotan ez gara konturatzen jende askok ez duela inguruan euskaraz zeinekin hitz egin, ez lanean, ez etxean, ez kuadrilan… Orduan, pertsona horiei euskaraz hitz egiteko aukerak eskaini behar dizkiegu”, diote ...eta kitto!-tik. Hain zuzen ere, mintzapraktikako programek eskaintzen duten lagunarteko giro atsegina da programaren arrakastaren gakoetako bat: “Taldeak astean behin elkartzen dira, ordubete, taberna batean edo paseoan, eta giro horretan lasai egin dezakete berba euskaraz, presiorik gabe”. Elkartean argi dute, hori bai, “euskara ikasteko euskaltegiak daudela; mintzapraktika euskaltegian ikasitakoaren osagarria da, han ikasitakoa praktikan jartzeko modua”.

Lotsari eta konplexuei agur
Askori ezagunak egingo zaizkio honako egoeretako batzuk: eta aurrekoak ez banau ulertzen? Edo nik ulertzen ez badiot? Hau lotsa! Hobe dut gazteleraz egitea…Ikasitako guztia ahaztu zait-eta! Norekin praktikatuko dut euskaltegian ikasitakoa inguruan euskaldunik ez badut? Hizkuntza bat menperatzen ez dugunean normala da mingaina askatzeko beldurra sentitzea, izan euskara, izan ingelesa edo izan beste edozein hizkuntza. “Sekreturik ez dago; argi dagoena da hizkuntza erabili egin behar dela, eta zenbat eta gehiago erabili seguruago sentituko gara, eta ziur asko gehiago erabiltzeko gogoa izango dugu. Berbalagun askok esaten digute, programan parte hartzen dutenetik euskaraz gehiago eta gehiagorekin egiten dutela, hau da, taldetik kanpo ere gehiagotan erabiltzen dutela euskara, eta hori lorpen handia da”.

Berbetan3Berbetan4

Zeini dago zuzenduta Berbetan programa?
Batetik, arrazoia bat edo beste izan, euskaraz bizitzeko ohiturarik ez dutenei: egunerokoan euren inguruan euskaraz  berba egiteko aukerarik ez dutenak, euskara ikasten ari direnak, aspalditik euskaraz hitz egin ez eta erraztasuna berreskuratu nahi dutenak, titulua eskuratu nahi dutenak… Eta, bestetik, “euskaldun askok euren ekarpena egin nahi diote euskararen normalizazio-prozesuari, zailtasunak dituzten euskaldunei lagunduz. Egia da, euskaldunik gabe hankamotz egongo litzatekeela egitasmoa. Taldeak osatzerako orduan ez da ezinbesteko baldintza euskaldun bat egotea, baina denborak eta esperientziak erakutsi digu euskaraz ondo moldatzen den baten bat egoteak lasaitasuna eta segurtasuna ematen diela berbalagunei”.

Familientzat, Gurasoak Berbetan
Berbetan programaren ibilbidearen erdian, 2010ean, familia askok agertzen zuten arduraz jabeturik, Gurasoak Berbetan egitasmoa jarri zuen martxan …eta kitto!-k, seme-alabekin etxean eta kalean euskara gehiago egin nahi duten gurasoei zuzenduta. Antolatzaileek argi dute: “hizkuntza era natural eta erosoan erabiltzea onuragarria da edozeinentzat, baita gure seme-alabentzat ere. Beraz, eurak hiztun oso izatea nahi badugu, gurasoon ardura ere bada ume horien eredu izatea”.

Programa, berez, gurasoei zuzenduta dago eta, Berbetan egitasmoarekin gertatzen den moduan, helburu nagusienetakoa mintzapraktika egitea da. Baina seme-alaben kargu egoteak ez du denbora libre askorik lagatzen eta, horregatik, “ahalik eta erraztasun gehien eman nahi diegu euskara praktikatu nahi duten gurasoei. Aurten, adibidez, seme-alaben gelako gurasoen arteko bikoteak egiteko proposamena egingo diegu, edo hirukoteak ere izan daitezke. Astean behin tarte txiki bat hartzea besterik ez da, ordubetean eta lasai-lasai euskaraz berba egiteko. Eurek nahi duten lekuan eta orduan. Eta seme-alabak aurrean badaude, askoz hobeto, gurasoek euskararekiko agertzen duten jarrera positiboa bertatik bertara ikusiko dute-eta”. Horrez gain, aurten ere familien ingurune naturala aprobetxatzeko deia egiten dute Elkartetik: “parkean merienda ematen, musika-eskola kanpoan umeen zain, eskola kanpoan… dauden guraso, aitxitxa-amama edo zaintzaileek momentu eta espazio hori aprobetxatu dezakete euskaraz berba egiteko”. Egitasmoa zeinentzako den galderari, hona …eta kitto!-ren erantzuna: “Euskaraz berba egiteko ohitura berreskuratu nahi duten gurasoentzat, familia-giroa euskaldundu nahi dutenentzat, seme-alabekin euskaraz gehiago berba egin nahi dutenentzat…”. Bakana zein taldeka eman daiteke izena.

Familientzat ekintza ugari, doan
Mintzapraktika egiteaz gain, gurasoak eta seme-alabak elkartzen dira egitasmoaren barruan antolatzen diren ekintzetan: “Urte osoan gauza asko antolatzen ditugu, gurasoentzat eta familientzat: eskulan-tailerrak, txangoak… Iaz Leintz Gatzagako Gatz Museoan izan ginen, eta aurten Alluitz Naturara joatekoak gara. Ekintza horiek doan izaten dira, baina horietan parte hartzeko programan izena eman behar da”.

Zaintza-zerbitzua
Aurtengo berritasunetako bat izango da haurrak zaintzeko zerbitzua. Ez da ekintza guztietan izango, “ekintzetako asko familian egitekoak direlako, hau da, haurrak eta gurasoak elkarrekin, baina gurasoentzat eurentzat propio antolatutako hainbat jarduera egingo ditugu, eta seme-alabak zeinekin laga ez dutenentzat zaintza-zerbitzua eskainiko dugu”.

Meri, Mari eta Lari ikuskizuna
Ikuskizun ederrarekin emango zaio ongietorria Gurasoak Berbetan egitasmoari. Urriaren 17an, domekan, Meri, Mari eta Lari ikuskizuna antolatu du   ...eta kitto!-k Errebal Plazan. Eguerdiko 12:00etan hasiko da eta doan izango da, baina aldez aurretik, hurrengo astelehenetik hasita, gonbidapenak jaso ahal izango dira  …eta kitto!-ren egoitzan (Urkizu 11, solairuartea). “120 lagunentzako lekua egongo da, eta asko jota bost gonbidapen jaso ahal izango dira pertsona bakoitzeko”.

Berbetan2   BERBETAN5