Bertso Astea hartuko du Kulturalak

Bertso Astea hartuko du Kulturalak
2015/03/05 eta kitto!

Arrate Kultur Elkarteak, Kultu tabernak eta Hankamotxak bertso eskolak Bertso Astea antolatu dute eta aurreko edizioetan oso harrera ona izan duen formatuari eutsiko diote oraingoan ere: bi bertso saiok eta tabernan ikusgai ipiniko duten aurreko urteotako argazkien erakusketak osatuko dute egitaraua. Lehen saioa, tabernakoa, datorren eguaztenean eskainiko dute Iñigo Mantzizidor "Mantxi" zarauztarrak, Julen Zelaieta beratarrak eta Eli Pagola hernaniarrak, 19.00etatik aurrera Kultun. Bertsolariek tabernan zehar Jokin Bergarak jarritako gai desberdinei abestuko diote.
Eta bigarren saioa martxoaren 13rako (barixakurako) antolatu dute: "Aurreko urteetan bertso bazkaria egin da elkarteko lokalean, baina aurten tabernan bertan afaria egitea pentsatu dugu". Afaria 21.00etan hasiko da eta bertsotan Andoni Egañak eta Unai Iturriagak egingo dute, Jon Mikel Mujikak emandako gaiei jarraituta. Bertso afarirako tiketak Kultun daude salgai (23 eurotan; 19 eurotan elkarteko bazkide, ikasle eta langabetuentzat). Egitaraua 19. Korrika Kulturalaren barruan antolatu dute.