[BIDEOA] Markos Untzetaren ‘Ekilibrista’, krisi garaian orekari eutsi nahian sortutako diska

[BIDEOA] Markos Untzetaren ‘Ekilibrista’, krisi garaian orekari eutsi nahian sortutako diska
2022/10/07 08:19 eta kitto!
Pasa den asteazkenean, Donostiako alde zaharrera folk, country eta rock amerikar doinuen oihartzunak heldu ziren, euskal hitzez kontatuak eta ahots hareatsu berezi batez kantatuak: Markos Untzeta eibartarrak bere azken lana aurkeztu zuen Soraluzeko Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin batera. 

Asteazken goizean, Donostiako Alde Zaharreko Liburutegian, Markos Untzeta bakarlariak (Eibar, 1970) bere seigarren diskoa aurkeztu zuen.

"Ekilibrista", pandemiak kanpo zein barne mundua kolokan jartzean, ezjakintasun eta beldurren aurrean orekari eutsi nahi horretatik sortutako lana da. Hamar abestik osatzen dute, pandemiak berak eta honek eragindako krisi pertsonalaren testuinguruan, nolabaiteko ariketa terapeutiko modura konposatuak. Halaxe deskribatu zuten Untzetaren lana diskoetxetik: "Ezinezkoa da bere hitzen zintzotasunean identifikazio pertsonaleko uneak ez aurkitzea (...) Ekilibristak baikara denok, atsekabe eta etsipeneko uneak musikak ematen digun indar eta argia kontrajarriz eta aurrera eginez beti".

 

Musikari finak bidelagun

Diskoa Haritz Harreguy teknikariarekin, bere Usurbileko estudio izenkidean, ekoiztua izan da eta eskarmentu handiko hiru musikariz inguratu da Untzeta. Giovanni Zanon gitarra-jolea (Malodomo, Melissa & The Jacks) izan du lagun bai sormen bai grabaketa prozesuan. Base erritmikoan, ordea, Fernando Neira baxu-jolea (Rafa Berrio, Stay Blues, Mojo Hand, Ruper Ordorikaren Mugalaria) eta Karlos Arancegui bateria-jolea (Bide Ertzean, Quique Gonzalez, Rulo, Don Inorrez, Maite Larburu, Erentxun, Mojo Hand) izan ditu kide.

 

20 urtez "gaztelupea isilik utzi barik"

Markos Untzetak 2002an atera zuen bere lehen diskoa, Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin batera. Bi hamarkada geroago bere seigarren diskoa eurekin argitaratu du eta, azken honek bezala, tarteko beste guztiek ere Gaztelupeko Hotsaken sinadura dute. Hogei urte bete dira, beraz, eibartarraren ibilbide diskografikoa hasi zenetik; eta, hogei urteotan, soraluzetarrekin duen harremana ez da hautsi, alderantziz: luzaroan elkarlanean jarraituko dutela dirudi.

Aldez aurretik kaleratutako "Agian bai, agian ez" kanta segidan entzungai.