Bihar amaituko dituzte San Andres parrokiako erretaula nagusia zaharberritzeko lanak

Bihar amaituko dituzte San Andres parrokiako erretaula nagusia zaharberritzeko lanak
2023/01/12 11:10
eta kitto!
San Andres parrokiako erretaula nagusia zaharberritzeko lanak egiteko epea luzatu eta gero, bihar bertan amaitzea dago aurreikusita. Zaharberritze-lanetan espezializatutako taldeek egindako azterketetan ikusi zenez, erretaulan hauts eta depositu asko pilatzen ziren, eta horrek, erretaularen ikusmena desitxuratzeaz gain, kalte egiten dio kontserbazioari. Halaber, erortzeko arriskua zuten elementu solteak agertu ziren. Hori dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare zuzendaritzak premiazko esku-hartze bat egitea erabaki zuen. Horregatik, 2022. urtearen amaierara arte egin diren zaharberritze lanetan zehar, erretaula garbitu da, elementuak egonkortu, eta erretaulako piezei eusten dieten lokailuak berrikusi dira. Era berean, polikromiak eta eraikuntza-materiala aztertu dira. Nolanahi ere, lanak aurrera egin ahala, ikusi da lan gehiago egin beharra zegoela, hasierako aurrekontuan jasota ez zeudenak. Lanak abenduaren 1ean hasi ziren, eta abenduaren 30era arte 24 egun natural lan egin du bost lagunek osatutako talde batek.

Lan horiek egin bitartean, erretaula hobeto kontserbatzeko beste jarduketa batzuk egin behar direla egiaztatu da, eta, beraz, dagokion esku-hartze proposamena egin da.

San Andres elizako erretaula nagusiaren esku-hartzearen kostua 60.000 eurokoa zen hasieran, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak eta parrokiak finantzatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren eta Donostiako elizbarrutiaren artean Gipuzkoako kultura ondarea kontserbatzeko sinatutako lankidetza hitzarmenari esker. Esku-hartze horren aurrekontua 13.600 eurokoa da, lehenengo esku-hartzearen 60.000 euroei gehituta.

San Andres parrokiako erretaula nagusia Eibarko bitxi artistiko preziatu eta baliotsuenetako bat da. XVI. mendearen erdialdean hasi ziren eraikitzen. Andres Araozek eta haren seme Juan Araozek (artista errenazentista ezagunak biak) landu zuten erretaula. 100 urte baino gehiagoko geldialdi baten ondoren, Eibarko herriak erretaularen lanekin jarraitzea erabaki zuen, eta 1736an berriro ekin zioten lanei, erretaula behin betiko amaitzeko. Orduko hartan, Hilario Mendizabal eta Fernando de Arizpe eibartarrak izan ziren lanaren arduradunak, Juan Bautista de Mendizabalen, Domingo de Alzagaren eta Juan de Irazabalen laguntzarekin. Erretaula Kultura Ondasun izendatu du Eusko Jaurlaritzak, monumentu kategoriarekin.