Bihar egingo da San Andres bertso jaialdia, 18:30ean Coliseo antzokian

Bihar egingo da San Andres bertso jaialdia, 18:30ean Coliseo antzokian
2020/11/25 eta kitto!
Bihar (azaroak 26, eguena) egingo da ...eta kitto! Euskara Elkarteak San Andres jaien bueltan urtero antolatzen duen Bertso Jaialdia. Aurten lehen aldiz Coliseo antzokian izango da jaialdia, 18:30ean hasita. Oihana Iguaran, Maider Arregi, Aitor Mendiluze eta Andoni Egaña bertsolariek jardungo dute, Jon Mikel Mujika gai-jartzailearen esanetara. Sarrerak egunean bertan salduko dira Coliseoko leihatilan, saioa hasi baino ordubete lehenagotik hasita (6 euro).

Bestalde, urtero bezala, bertan abestuko dituzte aurtengo San Andres Bertso Paper lehiaketako irabazleek saritutako bertsoak. Helduen mailan, lehen saria Iñigo Legorburu hernaniarrak eskuratu du eta bigarrena Jesus Mari Gisasola “Trunboi” eibartarrak. Eta 16 urtetik beherakoen artean, lehen saria Unai Lopezek eraman du eta bigarrena Hiart Andonegik. Biak dira Mogel Ikastolako ikasleak.