Sagardo eguna ospatuko da bihar Eibarren

Sagardo eguna ospatuko da bihar Eibarren
2022/09/30 12:14
eta kitto!
Bihar, zapatua, ...eta kitto! Euskara Elkarteak antolatzen duen sagardo egunaren XXVII. edizioa ospatuko da Eibarren. Ekitaldia goiz eta arratsaldez izango da, 12:00etatik 14:30era eta 19:00etatik sagardoa amaitu arte.

Zortzi euroko tiketa erosita nahi beste sagardo probatzeko edalontzia, zapia eta pintxoa hartzeko aukera izango dugu; txorizo- edo gazta-pintxoa bera bakarrik bi eurotan salduko da. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak ekarriko du sagardoa, hamahiru sagardotegitatik: Alorrenea, Altzueta, Astarbe, Barkaiztegi, Begiristain, Bereziartua, Gartziategi, Gaztañaga, Izeta, Lizeaga, Olaizola, Sarasola eta Zelaia.

Sagardo Egunaren XXVII. edizioan omenaldia egingo zaio euskararen alde horren lan handia egin duen eta egiten diharduen Leire Narbaizari. Euskara-irakasle, euskalgintzako militante, hainbat hedabidetako kolaboratzaile, tartean …eta kitto! astekarikoa, egindako guztia eskertu eta errekonozituko zaio Sagardo Egunaren hasieran.

Marisol Arrillagak eta trikitilariek eta KIMUko txalapartariek girotuko dute goiza musikarekin eta Aintzane Azkaratek botako du irrintzia aurten.

Sagardoa egiteko prozesua bertatik bertara ezagutu nahi duenak dolarea izango du ikusgai. Kirikoketarekin sagarrak txikitzeko aukera izango dugu.