Bihar zabalduko dute Juan San Martin liburutegia, protokolo eta neurri bereziekin

Bihar zabalduko dute Juan San Martin liburutegia, protokolo eta neurri bereziekin
2020/06/11 15:01
eta kitto!
Bihar zabalduko ditu ateak Juan San Martin Udal Liburutegiak, COVID-19ak eragindako egoeragatik itxita egon eta gero. Arduradunen berbetan, "hainbat neurri hartu behar izan dira laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan eskumena duten agintaritzen araudian ezarritakoa errespetatuz irekitzeko. Behin protokoloa beteta, ongi etorria ematen diegu gure erabiltzaileei". Astelehenetik barixakura zabalduko dute, 09:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:30era.

Erabiltzaileek hainbat neurri hartu beharko dituzte kontuan: Liburutegira Portaleko sarrera nagusitik sartu eta haur-liburutegitik irtengo da, mugikortasun urriko pertsonak izan ezik; horiek sarrera nagusitik sartu eta irtengo dira, eta igogailua erabili ahal izango dute.

Mailegu-zerbitzuari ekingo zaio berriz eta ikasteko aretoa ere erabili ahal izango da, baina edukiera % 60ra murriztuta izango du eta babes-arauak eta pertsonen arteko 2 metroko gutxieneko distantzia fisikoa errespetatu beharko da. Erabilera anitzeko gela itxita egongo da oraingoz. Pertsona bakoitzak lan-eremua garbitu beharko du eseri aurretik; horretarako, desinfektatzailea eta papera izango dituzte.

Bestalde, itzulitako materialak astebetez gordeko dira, manipulatu aurretik: "Horrela, liburutegitik maileguan ateratzen den funtsa desinfektatuta dagoela bermatuko da. Erabiltzaileak banaka joango dira, mendekotasuna duten pertsonak izan ezik. 14 urtetik beherakoak, senide batek lagunduta, eta, berriz abisatu arte, materialak mailegatzeko eta itzultzeko bakarrik".

Horrez gain, Liburutegira sartzeko eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitu eta maskara erabili behar da. Prentsa eta aldizkariak ezin izango dira irakurri une honetan, "baina gure irakurleei gogorarazten zaie aldizkariak maileguan eska daitezkeela. Bestalde, apalategiko gunera sartzea ezinezkoa izango denez, liburutegira joan aurretik mailegua bide hauetatik eskatzea gomendatzen dugu: telefonoz (943 70 84 37), posta elektronikoz (liburutegia@eibar.eus), whatsapp (688 691 733) bitartez eta liburutegiko katalogoaren bidez. Horrela, arreta jasotzeko itxaronaldia murriztuko da".