Biharko eta etziko pelikulekin hasiko dira aurtengo Mendi Jardunaldiak

Biharko eta etziko pelikulekin hasiko dira aurtengo Mendi Jardunaldiak
2021/03/09 eta kitto!
Coliseo antzokian bihar eta etzi eskainiko diren proiekzioekin hasiko da Eibarko Klub Deportiboko mendi batzordeak antolatutako Mendi Jardunaldien aurtengo edizioa. Emanaldi biak arratsaldeko 18:30ean hasiko dira eta 5 euroren truke mendiko irudiekin gozatzeko aukera paregabea izango da saio bietan. Sarrerak Coliseoko txarteldegian eta Kutxabank-en bidez eskuratu daitezke. Eskainiko diren pelikulak azken Bilbao Mendifilm Festivalean sari handienak lortu zituztenak dira. Horrela, hilaren 10ean Alemaniako “Metanoia” (23 minutu), AEB-etako “Free as can be” (31 minutu) eta Eslovakiako “Everest - The hard day” (52 minutu) izango dira saioa osatuko dutenak: Kirol eta Abenturazko film onena izendatu zuten lehenengoa, Eskaladako onena bigarrena eta ikusleentzat gustokoena hirugarrena. Hilaren 11n, bestalde, lau minutuko “Charge” kanadiarrarekin hasiko da emanaldia eta, jarraian, Australiatik datorren “Hillary - Ocean” parerik gabeko abenturaz gozatzeko aukera izango da, 106 minutuko iraupena izango duen proiekzioarekin. Azken Mendifilm-eko Sari Nagusia jaso zuen pelikula horrek.