Biharrian eta dantzan

Biharrian eta dantzan
2019/09/16 eta kitto!
Ifar Kale utzi eta Ubitxara igo da Dantzan elkartea, Biharrian elkartearen egoitzara hain zuzen ere. Egin dute mudantza. Aro berri baten hasiera izango da Dantzanentzat, proiektu eta ekintza berriak egiteko aukera, azken urteotan hazi egin den proiektua indartu eta sendotzeko abagunea. Biharrianen izpiritua jaso eta lanean eta dantzan jarraitzeko bultzada jaso du Dantzanek lekualdaketarekin.

 

Biharrian elkartean egoitza zuten profesionalek (Anemona estudioak, GAC Arkitekturak eta Aitor Zubizarreta aholkulariak) bide berriak hartu dituzte eta Dantzan elkarteak bete du euren tokia Ubitxa, 16 kalean dagoen lokal handian. “Ifar Kalen genuen espazioa baino handiagoa dugu hemen eta orain arte egin ahal ezin izan ditugun gauzak egiteko aukera eskaintzen digu”, dio Oier Araolaza Dantzan elkarteko kideak. Dantzan ez da dantzari buruzko informazioa igortzen duen komunikabide bat bakarrik (www.dantzan.eus), askoz gehiago da. “Hastapenean dantzan.com webgunea egon zen, baina dantzaren inguruko hainbat lan eta jarduera sortu eta iritsi zitzaizkigun nahiko azkar”. Gaur egun webgunea eskaparatea da (“sortu gintuena eta leiho garrantzitsua”), baina euren jarduera eta finantzazio gehiena beste zeregin batzuetatik dator. Den-denak dantzarekin lotutakoak, noski. “Dokumentazioarekin, artxibatzearekin, digitalizazioarekin eta irakaskuntzarekin (Gipuzkoako Foru Aldundiarekin dantza tradizionaleko irakasleen formakuntza, besteak beste) lotutako lanak dira”. Gainera, Gipuzkoako Dantzagunearen kudeaketaz arduratzen dira. “Errenterian du egoitza eta dantzako profesionalentzako zerbitzuak eskaintzen ditu”. Dantzaz eta Eragin bazkideekin kudeatzen du Dantzagunea Dantzanek, eta lantaldeko bi lagunek Errenterian egiten dute beharra. Eibarko egoitzan, “egoitza zentralean”, bestalde, lau lagunek dihardute lanean.

 

Hasteko, soka erakusketa

Biharrian elkartearen izpiritua mantentzen saiatuko da Dantzan eta Ubitxako lokala sorkuntzarako eta kultur adierazpenentzako gune irekia izaten jarraitzeko asmoa du. “Biharrianekin sentitzen dugun konpromisoa da eta, gainera, horretan sinisten dugu”.

Momentuz, egoitza berriarekin berritasun bat dakar Dantzanek: ‘Soka, euskal dantzaren urratsetan’ erakusketa. Orain dela bost urte sortu zen eta Dantzanek ekoizpenean parte hartu zuen. “25 tokitan egon da eta demaseko arrakasta izan du”, Araolazaren berbetan. “Eibarrera ekartzeko asmoa genuen lehen ere, baina ez zen erraza izan espazio kontuengatik. Orain, ordea, badugu aukera”. Azaroan egingo da erakusketa.

 

Posta-zerrendatik erreferente izatera

Posta-zerrenda batetik abiatu zen Dantzan, 1998 eta 1999 urteen inguruan, eta bere sorrera ‘Eibartarrak’ posta-zerrendarekin oso lotuta dago. “Euskal Herriko internet alorrean guru xamarra izan den Luistxo Fernandezekin posta-zerrenda bat zer den ikasi genuen, eta ‘Eibartarrak’ posta-zerrenda sortu eta gutxira sortu genuen ‘Dantzan’ posta-zerrenda Euskal Herriko dantzarien komunitatea elkarrekin komunikazioan jartzeko asmoz”. Zerrendatik webgunera egin zuten jauzia ondoren, 2001ean, “CodeSyntax enpresaren lehen lanetako bat izan zelarik”. 2002an Dantzan elkartea sortu zen eta gainerakoa historia da.

Proiektua Kezka Dantza Taldetik sortu zen, baina berehala ikusi zuten Dantzanen dimentsioak maila lokala gainditzen zuela. “Kezkaren helburuak Eibarko dantzaren dinamizazioan zentratuta zeuden eta Dantzanekin, internet bidez, Euskal Herriko toki ezberdinetako lagunekin proiektuak lantzen hasi ginen”. Kezkak eta Dantzanek lotuta jarraitu izan dute (“batean eta bestean jardun dugun batzuk pertsona berdinak izan garelako, eta bata bestearen mesederako erabili dugulako”), baina bakoitzak bere dinamika propioa izan du. Han dantza, non Dantzan.