Biolontxelo saio esperimentala eskainiko du etzi Eñaut Zubizarreta “Triggerrek”

Biolontxelo saio esperimentala eskainiko du etzi Eñaut Zubizarreta “Triggerrek”
2022/01/25 eta kitto!
Eguen arratsaldean “Poliedro Vol.1-Trigger” izeneko saioa eskainiko du Eñaut Zubizarreta biolontxelo-jotzaileak (Aretxabaleta, 1992), 19:00etan Coliseo antzokian, Quico Pugés eta Jokin Garmendia musikariekin eta Amaiur Luluaga dantzariarekin batera. Ohiko estiloetatik ihesi, ikasketa klasikoak eta rocketik eratorritako doinuen interpretazioak uztartzen ditu aretxabaltarrak, mundu osoko txelistengandik jaso dituen hainbat teknikarekin batera.

Biolontxeloak musika-mota berrietan duen zeregina ikertzen duen musikariak hainbat formatu biltdu ditu lan honetan: txelo bakarrerako lanak, duo eta trio formatuko ikuspegi ensemblea, techno musika...

Sarrerak 5 euro balio du eta aldez aurretik zein emankizunaren egunean, kontzertua hasi baino lehen, eros daiteke.



 

AURKEZPENA

Eñaut Zubizarreta Mendieta (1992, Aretxabaleta) 6 urterekin hasi nintzen Arrasate Musikalen biolontxeloaren oinarrizko ikasketak egiten. Gasteizko Jesus Guridi kontserbatoriotik pasa ostean, Bartzelonako ESMUC-en Biolontxelo klasiko eta garaikidean Goi Mailako Interpretazio Gradua ikasi nuen. Garai hartan Euskal Herriko Gazte Orkestran (EGO) izan nintzen, baita George Pehlivanian, Quartet Casal sedo Cristoforo Pestalozzi maisuen gidaritzapean ibili ere. Gerora Martin Meléndez txelista kubatar ospetsuarekin musika modernoko klaseak hartu nituen, eta baita New Directions Cello Festivalen udako kurtso bat garatu 2018an, Kolonian.

ZER DA POLIEDRO Vol.1?

Biolontxeloak musika mota berrietan zein paper izan dezakeen ikertzeari ekin nion 2018. urtean. Teknika ezberdin asko deskubritu nituen, bai eta adierazpen estetiko desberdinak, munduan barna. Gauzak horrela, lan propio bat sortzen hasi nintzen bi helburu nagusirekin: bat, gizarteari biolontxeloa lako instrumentu klasikoak bere ohiko formetatik at interpretatzerik badagoela erakustea; eta bi, igurtziko sokazko instrumentuetako gaurko zein biharko interpreteak formatzearena.

POLIEDRO Vol.1 formatu ezberdinetan barnebiltzen dituen lan bat da. Aurretiko Bista delakoan txelo solorako 10 obra daude, musika-estilo zein teknika ezberdinak lantzen dituena. Albotiko Bistak ensemble ikuspegia lantzen du, duo zein trio formaturako 6 obratan, hauek ere musika-estilo ezberdinetan. Goitiko Bistak aldiz, loop bikoitz zein efektu pedalekin techno musikan txeloak izan dezakeen espektroa lantzen du.

Lan honek disko eta liburu batean izango du bere adierazpen fisikoa. Lehenengoan 19 obrak izango dira entzungai; eta bigarrenean, obrak intrerpretatzeko beharrezkoak diren azalpenak metodologia baten bilduta, eta baita 19 obren partitura osoak ere.

Aurrekari bezala, aipatzekoa da Aurretiko Bista-rekin 2020. urtean Eusko Jaurlaritzak eskaintzen duen Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko sariduna izan zela, konposizioko alorrean.