Coliseo antzokian gaur emango duen kontzertuan aurkeztuko du disko berria Trio Medianoche taldeak

Coliseo antzokian gaur emango duen kontzertuan aurkeztuko du disko berria Trio Medianoche taldeak
2022/12/23 eta kitto!
Trio Medianochek grabatu duen hirugarren diskoa zuzenean entzuteko aukera egongo da gaur, 20:30ean Coliseo antzokian taldeak emango duen kontzertuan. Pedro Bartrak (lehen ahotsa eta bigarren gitarra), Jesus Mari Bastidak (hirugarren gitarra, hirugarren ahotsa eta marakak) eta Bernardo Aguilerak (bigarren ahotsa eta lehen gitarra) osatutako hirukoteak Legarreko estudioetan egin du grabazioa, Walter Tuzzeorekin. Udalaren laguntzarekin kaleratu duten diskoan sei abesti berri daude, aurretik jo izan dituzten beste bost abestirekin batera eta, ohiko bidetik, doinu latinoamerikarrak dira nagusi. Kontzerturako sarrerak 10 euro balio du (7 euro Coliseoaren Laguna txartelarekin). Bestalde, diskoa Coliseon bertan egongo da salgai gaur, eta datozen egunetan, berriz, Untzagan erosi ahal izango da.