“Dantzaz” konpainiak Basoa ekoizpena eskainiko du larunbat honetan Errebal Plazian

0    Kultura 
ETA KITTO ETA KITTO
“Dantzaz” konpainiak Basoa ekoizpena eskainiko du larunbat honetan Errebal Plazian
ETA KITTO 2021, Ira 16

“Dantzaz” ibilbide luzea duen ekoizpen-zentroa, sormen-laborategia, prestakuntza-gunea eta dantza-konpainia da, eta zapatu honetan (irailak 18, 20:00ean) ’Basoa’ produkzioa eskainiko dute Errebal Plazian. Dantza garaikideaz bere dizdira osoan gozatzeko aukera izango dugu. Jorratzen duten gaia, atzoko eta gaurko errefuxiatuak. Gonbidapenak KUTXABANK bidez edo Coliseoko leihatilan (astelehen eta ostiraletan, 17:30etik 19:30era) lortu daitezke.

Dantzaz-eko Fernando Saenz de Ugartek azaldu digunez, “espazio eszeniko ez-konbentzionaletarako dantza-ekoizpen hau atzoko eta gaurko errefuxiatuetan oinarrituta dago, eta ’Larart’ proiektuaren parte da (www.larart.eus). Ekimen horren helburua da gerraren, jazarpenaren edo pobreziaren ondorioz jatorrizko herrialdeetatik desplazatutako pertsonei eragiten dieten arazoak ikustaraztea, artearen eta kulturaren bidez.

35 minutuko iraupena du ’Basoa’ k, eta ekoizpen tekniko erraza du. Koreografia Josu Mujikarena da, eta musika Iñaki Salvadorrena. 10 dantzarik hartzen dute parte eta oso koreografia korala da, guztiak ari dira momentu guztietan agertokian”.

“Errebal Plazia” bezalako gune irekietan jarduteak duen garrantzia azpimarratu du Fernando Saenz de Ugartek: “Arte eszenikoak antzokietan aurkeztu behar dira, jakina, baina beste espazioetan lekua izatea oso garrantsitzua da guretzako. Jendearengana hurbiltzeko, artea eta jendartearen artean beste naturaltasuna bilatzeko. Dantza betidanik izan da plazakoa, eta plazatan dantzatzea oso organikoa da guretzako.  Gainera, “Basoa” plazatan dantzatzekoa da, publikoak lau aldeetatik ikusi dezake ikuskizuna: inguratuta izatea dantza egiteko beste jarrera da, oso berezia dantzarientzako”.

Bi hamarkadetako historian, Dantzaz-ek hirurogei pieza ekoitzi ditu, eta Europa osoko eszenatoki eta antzokietara eraman ditu. 120 dantzarik baino gehiagok (hogei bat nazionalitatetakoak) eta 60 koreografok osatu dute sortzaile askoren irudimena, pasioa eta talentua izan dituen ibilbide artistiko zabala. Horien artean Itzik Galili israeldarra, Thierry Malandain frantziarra, Janis Claxton australiarra, Wubkje Kuindersma koreografo holandarra, Jacek Przybylowicz poloniarra, Jone San Martin, Josu Mujika, Hilde Koch edo Judith Argomániz bezalako sortzaileak daude.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »