David Karba –Kvalvika-, musikaria: “Sare sozialetako gorroto gaindosiak inspiratu nau”

David Karba –Kvalvika-, musikaria: “Sare sozialetako gorroto gaindosiak inspiratu nau”
2018/02/23 eta kitto!
Norvegia eta Islandiara bidaiatzeko aukera eman zigun lehen diskoan eta barreneko haserreak azaleratu ditu bigarrengoan David Karbak, Kvalvikak. ‘I’m your social network. I’m your talent show’ da gaur egungo gizartearen funtzionamendua kritikatzen duen lanaren izenburua. Apirilaren 21ean Turbojugend jaialdian egongo da Asturiasen eta data gehiago zehaztuko ditu laster ikus-entzunezkoekin lagundutako kontzertuak eskaintzeko, barreneko pasioari irteera emateko.

 

-Orain dela urtebete Kvalvikak bidaia hasi zuen lehen diskoarekin. Nora eraman zaitu? Nolako urtea izan da?

Urte polita izan da. Diskoa atera nuenean ez nuen pentsatzen jendeari hainbeste gustatuko zitzaiola. Hainbat zuzeneko egin ditut, batez ere azken aldi honetan. Hasieran ez nekien nola egokitu zuzenekoen kontua, baina ideia garatu eta urtarrilaren 5ean ikus-entzunezkoak erabilita eskaini nuen lehen kontzertua Ez Dok tabernan. Oso harrera ona izan zuen.

-Bidai bat gogoratzen zuen lehen diskoak, baina oraingoan aldaketa dago bai gaiaren aldetik bai musikaren arloan. Zer aurkituko dugu bertan?

Bigarren diskoak ez dauka lehenengoarekin zerikusirik. Musikaren aldetik badago lehen diskoarekiko lotura bat, giro-musika kutsuari eusten dio nolabait, baina arlo kontzeptualean aldaketa dago. Oraingo honetan ez naiz kanpora irten behar izan inspiratzeko, aktualitateari eta sare sozialei begirada bat botatzearekin nahikoa izan da. Sutan jarri naiz egungo egoerarekin, Kataluniako afera ikusi besterik ez dago. Gorroto sobredosia dago sare sozialetan eta horrek inspiratu nau. Lan sozialagoa irten zait.

-Nola eraman duzu haserre hori arlo musikalera?

Lanak ez ditut aldez aurretik pentsatzen, irteten doaz, eta zerbait daukadanean aukeraketa egiten dut horren gainean lan egiteko. Oinarri batzuetatik abiatu nintzen, sintetizadoreak sartu eta gitarra eta baxuen soinua gehitu nien. Lan honetan gehiago abestu nahi nuen, gaiak horrela eskatzen zuelako. Abesteko aproposak ziren lau abesti nituela ikusi nuen, eta beste erregistro batzuk eman eta hainbat musikariren laguntza izan ahal nuela pentsatu nuen.

-Diskoaren azala ere guztiz aldatu da.

Ruben Ramosek egin du; Cohen, Reuben RG eta Nerabe taldeetako musikariak. Post it-ak erabilita marrazki satirikoak egiten ditu eta nire diskoarentzat aproposa ikusi nuen. Gaur egun sare sozialetan eta telefono mugikorrekin funtzionatzen dugun moduaren kritika egiten du azalak. Asko aurreratu dugu arlo teknologikoan, baina gizarteak mila urte egin ditu atzera. Egunen batean lurrera jausiz gero normalagoa izango da lehenik norbaitek mugikorrarekin grabatzea altxatzen laguntzea baino.

-Hainbat musikariren kolaborazioa izan duzu diskoa garbatzeko. Nolakoa da jende askorekin elkarlanean aritzea?

Zoragarria. Gitarra jotzea asko kostatzen zait, adibidez. Abesten nahiko ondo moldatzen naiz, baina instrumentuekin zailagoa egiten zait, niretzat errazagoa da sekuentziatu eta programatzea. Beraz, asko dakien eta miresten duzun jendearen laguntza jasotzea izugarria da.