David Karbak ‘KVK’ kaleratuko du, Kvalvika proiektuaren azken lana izango dena
2023/09/28
10:07
eta kitto!
Kvalvika, David Karba musikari eibartarrak 2015ean abiatu zuen proiektua, bere amaierara iritsiko da ‘KVK’ EP-arekin. Lana lau zatitan banatu du: 1. Haustura: Orain ni naiz; 2. Zauria: Eraserhead; 3. Autokritika: Tumba; 4. Sendabidea: KVK. “Nire ibilbideko lanik ilunena eta zintzoena da”, musikariak sare sozialen bitartez adierazi duenez.
Lana 2022ko ekaina eta 2023ko maiatza artean grabatu zuen Legarreko estudioan eta Gaztain estudioko Eñaut Gaztañagak nahastu du. Bertan, Painapple eta Stai Zitto taldeko Gorka Martinez de Lagos saxo-joleak hartu du parte, eta artea Kepa Garcia Anton eta Mikel Pizarroren esku egon da.
Karbak aipatu duenez, “lana nire osasun fisiko eta mentala kaltetu zeudenean konposatu nuen, eszenatoki batera igo edo musikari konposatu nahi ez nuen sasoi batean”. Beraz, musikaria harro agertu da lana bukatzeagatik. “Hau ni naiz, momentu latz batean, musika ihesbide bezala erabiliz”.
Diskoaren aurrerapen bezala ‘Orain ni naiz’ abestia argitaratuko du bihar eta, gainera, zapatuan zuzenean ikusi ahal izango dugu Legarren egingo den EMGE Festen.