Domekan egitekoa zen "Iparraguirre 7" ikuskizuna azaroaren 25ean eskainiko dute

Domekan egitekoa zen "Iparraguirre 7" ikuskizuna azaroaren 25ean eskainiko dute
2020/10/30 eta kitto!
Domekan Coliseo antzokian egitekoa zen Iparraguirre 7 ikuskizuna bertan behera geratu da, azken orduko arazoak medio. Hala ere, ikuskizunerako data berria lotu dute: azaroak 25ean eskainiko dute, ordu eta toki berean.

Iparraguirre 7 ikuskizunean zuzeneko musika, ikus-entzunezkoak, errezitatzeak eta dantza biltzen dira. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako proiektua da, abuztuan Jose Maria Iparragirre poeta eta musikariaren jaiotzaren 200. urteurrena izan dela-eta, hari omenaldia egiteko asmoz. Iparragirreren zazpi kantu ikoniko abiapuntutzat hartuta, Morgancrea-k diseinatu eta egindako ikuskizuna da, Carlos Rodríguez eta Asun Lasarteren zuzendaritzarekin. Iraia Okinaren ilustrazio bizidunen bitartez, Olatz Beobide antzezleak kontakizuna egingo du, agertokia Amaia Elizaran dantzariarekin partekatzen duen bitartean. Alberto Lizarralderen musika-zuzendaritzapean, berriz, Lide Hernando (ahotsa), Beñat Axiary (ahotsa), Sorkunde Idigoras (pianoa, zango-biola, loop-ak, ahotsa), Josetxo Silguero (saxo sopranoa eta baritonoa), Xabi Zeberio (nyckelharp, loop-ak, ahotsa) eta Arkaitz Miner (gitarra, mandolina, biolina, efektuak, ahotsa) musikariak arituko dira.

Sarrerak 5 euro balio du eta Coliseo antzokiko lehiatilan (astelehen eta barixakuetan, 17:30etik 19:30era eta Kutxabank zerbitzuaren bitartez aurretik eros daiteke.