Eguen Zuri Argazki Lehiaketa antolatu dute Arrate Kultur Elkartean

Eguen Zuri Argazki Lehiaketa antolatu dute Arrate Kultur Elkartean
2022/02/23 10:29 eta kitto!
Arrate Kultur Elkarteak XXIV. Eguen Zuri Argazki Lehiaketa antolatu du. Lehiaketarako gaia Aratosteak dira eta gai horrekin lotura duten argazkiekin hartu daiteke parte (argazkiek ez dute zertan Eibarko Aratosteetan edo Eguen Zuri egunean egindakoak izan). Nahi duen edozeinek dauka parte hartzeko aukera, zuri-beltzean zein koloretan egindako lanekin. Egile bakoitzeko hiru argazki onartuko dituzte gehienez. Bai argazki bidalketa, bai izen ematea, era digitalean egingo dira, eguenzuri2022@gmail.com helbidera idatzita (martxoaren 20ra arteko epea dago). Lehiaketarako irudiak JPG formatuan egon behar dira eta ezin dira 6 Megak gainditu. Honakoa eskatuko da: izen-deiturak, NAN zenbakia, helbide osoa, telefono zenbakia, helbide elektronikoa, argazkiaren zenbakia eta izenburua.

Edizioan askatasun osoa dagoela argitu nahi dute antolatzaileek. Jasotako argazki guztien artean, epaimahaiak 20 aukeratuko ditu eta horietako hiru sarituko dituzte: argazki onenari, 160 euroko saria emango diote; bigarren onenari, 100 euroko saria; eta hirugarrenari, 60 euroko saria. Sariak banatzeko ekitaldia Topalekuan egingo den erakusketaren inaugurazioarekin batera egingo da, apirilaren 7an (eguena), arratsaldeko 19:00etan. Lehiaketari buruzko informazio gehiago eskatzeko, Arrate Kultur Elkartearen bulegoan galdetu, 638284912 telefono zenbakira deitu edo arratekultu@gmail.com helbidera idatzi daiteke.