Egunean Behin lehiaketaren denboraldi berria hasi da gaur

Egunean Behin lehiaketaren denboraldi berria hasi da gaur
ETA KITTO 2021, Mai 03

CodeSyntax enpresa eibartarrak sortutako Egunean Behin lehiaketak zazpigarren denboraldiari ekin dio gaur eta uztailaren 11ra arte egongo da martxan. EITB izango da denboraldi berriaren babesle nagusia, eta lehiaketak Arnasa Gara ekimenaren, Donostia Turismoaren, Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren, Txalaparta argitaletxearen, Ekolurraren, Finantzaz Haratagoren (finantza etikoen alorreko erakundeen sarea) eta Kot erropa markaren laguntza ere jasoko du.

Orain arte egin bezala, parte-hartzaile guztien artean sailkapen bat egingo da astero eta denboraldi amaieran finala egingo da. Irabazleek Samsung LED telebista adimentsua (smart), Xiaomi Redmi Note 10 mugikorra eta Raspeberry Pi 400 ordenagailua eskuratzeko aukera izango dute, eta bi Chromecast zozketatuko dira.

Egunean Behin tribial estiloko galdera-erantzunen jokoa da, egunean behin bakarrik jokatzeko aukera izanik. Hamar galdera erantzun behar dira ahalik eta azkarren eta, zenbat eta gehiago asmatu, zenbat eta azkarrago asmatu, puntu gehiago lortzen dira.

Lehiaketak arrakasta handia izan du sortu zenetik eta gero eta lagun gehiagok jokatu dute. Adibidez, azken denboraldian 60.000 lagun baino gehiagok jokatu zuten egunero.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »