Eibarko Musika Eskola: ez da isilik egoteko garaia. Ez dadila musika eten!

Eibarko Musika Eskola: ez da isilik egoteko garaia. Ez dadila musika eten!
ETA KITTO 2020, Mai 23

Alarma-egoera hasi zenetik itxita dago Eibarko  J.B. Gisasola Musika Eskola. Baina ez daude isilik, etxetik dihardute etengabe lanean. Eskolaren ustez, oso garrantzitsua da ikasleei hezkuntza-esperientzia bat eskaintzen jarraitzea, musika ikasten eta musikarekin gozatzen jarraitu dezaten.

Euskal Herri osoko hezkuntza-zentroek egin zuten bezala, Eibarko Musika Eskolak ere ateak itxi behar izan zituen martxoaren 13an, COVID-19aren hedapena saihesteko. Etxeko txikiek eta gaztetxoek konfinamenduaren ondorioak bete-betean sumatu dituzte. Egun batetik bestera, lagunarteko jolasak eta topaketak, kaleko bueltak, eskolaz kanpoko jarduerak, ariketa fisikoa… alde batera utzi, eta etxean sartuta egon behar izan dute. Hilabete eta erdi pasa dute etxean irten gabe, eta txikienek, oraindik ere, murrizketa handiak dituzte kalera irteteko.

Egoera ikusita, Musika Eskolak telelanaren protokoloa aktibatzea erabaki zuen. Bai irakasleek, bai ikasleek asteak daramatzate klaseak online eman eta jasotzeko tresna informatikoekin lanean. Bakoitza bere etxetik.

Sare sozialen bidez Musika Eskolatik zabaldu dituzten bideoek aukera eman digute  ikasleek egiten diharduten lana ikusteko. Azken hilabete hauetan ikasle eta irakasleek egin duten ahalegin handiaren emaitza dira, eskola-saioak egokituz, online edukia sortuz, jardueretarako formatu berriak bilatuz, komunikazio-bide berriak landuz, etab.  Etxealdi honetan musika bidelagun izan dute Musika Eskolako ikasleek.

1142.inddErabateko aldaketa
Aste hau berezia da Musika Eskolako familia handiarentzat, “aste honetan egitekoak ginen urte amaierako jaialdi-kontzertua Coliseo antzokian”,  diote. Egun  berezia  izaten da ikasle, irakasle eta egun horretan musikarekin gozatzera gerturatzen diren senide eta lagunentzat. “Pena da, eta horregatik aste hau aukeratu dugu bigarren bideoa zabaltzeko”. Bideoaren bitartez hor jarraitzen dutela erakutsi nahi izan digute. Etxean, baina musikaren konpainiarekin.

Erabateko aldaketa izan da ikasle zein irakasleek bizi behar izan dutena. Iraide Ansorena perkusio irakasleak azaldu digunez, “ikasleak instrumentuekin aurrez aurre ikusten dituzu beti, eta bat-batean zure etxean zaude eta klaseei eutsi egin behar diezu, bakoitzak etxean dituen baliabideekin. Izugarrizko aldaketa izan da eta pixkanaka moldatzen joan gara”.

Ikasleak sukaldean, pijaman…
Aldaketa handia, “baina aldi berean polita” izan dela dio Iraidek. Ikasle eta irakasleen  etxeak Musika Eskolaren zatitxo bat bihurtu dira. “Nik ikusten ditut ikasleak sukaldean, pijaman; perkusio ariketa batzuk bidali eta familia osoarekin egindako bideoak bidali dizkidate… Beste irakasle bati familia batek bideo bat egin zion bere urtebetetzean…  Oso lotura handia sortu da ikasleekin eta euren familiekin. Ederra!”.

Irakasleek rol bikoitza izan dute egun hauetan: batetik, ikasketa-prozesuarekin jarraitzea; eta, bestetik, teknologiaren bitartez erakustea egoera honetan ere ikasleez arduratzen direla. Kontuan hartu behar da, dena dela, ikasle eta familia guztien egoera ez dela berdina. “Kasu batzuetan familia egun osoan egon da ikaslearekin konfinatuta, eta aprobetxatu dute instrumentua jotzeko. Beste familia batzuen kasuan, aldiz,  euren lana seme-alaben zaintzarekin eta eskolako lanekin uztartu behar izan dute”. Beraz, denek ezin izan dute ikasturtea neurri berean jarraitu, eta “horren inguruko hausnarketa egiten dihardugu egun hauetan”.

Orokorrean, baina, irakasleak harrituta daude ikasleek egin duten lanarekin, eta asko eskertzen dute gurasoen kolaborazioa. “Gehienek ikaragarri aprobetxatu dute. Denbora libre asko izan dute, eta musika-zaletasunari gogor eutsi diote. Musikak denbora hori betetzeko balio izan die; ordu asko eman dituzte instrumentuak jotzen. Aste Santuko oporraldian ikasle batzuk denbora guztian bideoak bidaltzen aritu ziren!” .

Pandemiak eragin duen egoera berri honek alde onak ere badituela agerian geratu da. Musika Eskolaren kasuan, inoiz baino gehiago ibili dira elkarrekin harremanetan, eta elkarren arteko ezagutzan asko irabazi dute.  Bestalde, telelana nola egin daitekeen ikasi dute, eta “etorkizunean gertatu daitekeenaren aurrean prestatzen joan gara”.

1142.inddSentimendu baikorrak
Musikaren sektoreak kalte handiak jasan baditu ere, artista ospetsuek, profesional anonimoek edo zaleek gure kale hutsak eta sare sozialak pentagramaren boterearekin girotu dituzte. Eta etxe barruko musika-saioak baikortasun-, elkartasun- eta arte-iturri izan dira konfinamenduan.

Musikak izan duen garrantzia azpimarratu nahi du Iraidek. Balioa eman zaiola uste du. “Mundu guztian musika oso laguntzaile potentea izan da. Jendea konektatzeko balio izan du. Dena izan da musika. Kaleko isiltasuna arintzeko, musika! Eta musika ikasten duten ume, gazte eta helduak hortaz ere konturatu dira. Egun hauetan musikak oso sentimentu baikorrak eragin diela ikusi dut, eta onura asko atera dituzte”.

Zabaldu dituzten bideoak ikasleek musikarekin daukaten sintonia horren isla dira. Etxeko sukaldean, egongelan, logelan, terrazan… grabatutako bideoak dira; guztira, 160 inguru bidali dituzte, eta horiek bildu,  ikusi eta editatzeaz arduratu da Iraide, “egiten ari diren lana erakutsi nahi genuelako”.
Matrikulazioa laster

Aurtengo ikasturtea desderdina izan da, eta datorren ikasturteko matrikulazioa ere desberdina izango dela aurreratu digute. “Emailez egin ahal izango da ekainaren 1etik aurrera, Pegorara joan barik”. Informazioa eskatzeko edo zalantzak argitzeko jbgmusikaeskola@gmail.com helbidera idatzi daiteke, edo 688 675 605 telefono zenbakira deitu.

Irakasleak desiatzen daude ikasgeletara bueltatzeko eta “elkarrekin musikaz gozatzeko”. Etxetik musika ikasi ahal dela ikusi badute ere, “ez da berdina”.  Bitartean, etxean ikasten jarraitzen dute ikasleek. Animo denoi, eta zorionak egiten ari zareten lanagatik!

Hemen dituzue egun hauetan zabaldu dituzten bideoak:

https://www.facebook.com/eibarkomusikaeskola/videos/2916493511799816/

 

 

 

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »