Eibarko historia ezagutzeko bisita gidatuak abuztuaren 2an hasiko dira

Eibarko historia ezagutzeko bisita gidatuak abuztuaren 2an hasiko dira
ETA KITTO 2022, Uzt 26

Iazko abuztuan hasitako bideari jarraituz, herriko historia zein izan den ezagutzeko ibilbidea prestatu dute abuzturako. Ibilaldi horietan Nerea Alustiza historialaria izango da bidelagun, eta bere ahotsetik, “modu atseginean eta entretenigarrian”, esan digunez, Eibarren gertatu diren pasarteen eta bitxikerien berri izango dute parte-hartzaileek.

 

Bisita gidatuak abuztuko martitzen eta eguenetan egingo dira 18:30etik 20:00etara eta, salbuespen bezala, baita hilaren 14an eta 21ean ere (domekan) 11:00etatik 12:30era. “Aurten bisitek ordu erdigehiago iraungo dute, nahiko motz gelditzen zelako”, esan digu Nerea Alustizak. Bisitak Estaziño kalean hasiko dira eta, herriko zenbait kale zeharkatu ondoren, Untzagan izango dute amaiera.

Ibilbidea Estaziñoko tren-geltokian hastea ez da kasualitate hutsa. “Trena Eibarko arteria nagusia izan da herriaren historiako zati handi batean”, azaldu digu Nerea Alustizak. Geltokiak zuen indarrak azaltzen du Estaziño kalearen garrantzia eta horren erakusle dira bertan aurkitzen ziren Ariel Etxea (Arbitrios), Comercio Hotela, Kruzeta eta Aierbe etxeak eta gaur egun martxa betean jarraitzen duen kasinoa. “Kasinoa itzela da! Hor ez bada, gaur egun ia inon ezin dugu ikusi inor billarrean jokatzen Eibarren”, diosku historialariak.

Ibarkurutzen geldialdia egin ondoren, Coliseo antzokiaren eta El Casco eraikinaren inguruko azalpenak emango ditu Alustizak eta, handik hurbil, Eibar irudi batean azaltzen duen panoramika ikusi ahal izango dute parte-hartzaileek. “Muzategi kalean Zapata tailerra zena, Merzedarien ikastetxea eta Jardinetako etxeak ikus daitezke, denak bata bestearen gainean jarrita, toki berean. Hori da Eibar”, azpimarratzen du historialariak.

Handik San Agustinera joko dute. “Demaseko historia du kaleak”, diosku Alustizak. “Batetik, Frankaniren inguruan jardungo dugu, pegora baten azpian zegoen tailerra. Eta bestetik, Polizia Nazionalaren egoitzari buruz. Hori ere pegora batean zegoen, lehenengo pisuan”, azaldu digu. “Eibarren bakarrik gertatzen da hori!”.

Bidebarrieta kalerantz joko dute gero eta Bar Cafe Larrañaga izango dute hizpide edo, hobeto esanda, Bar Kanposanto. “Tabernaren alboan Mugika ehorztetxea zegoen eta hilkutxak kanpoan jartzen zituzten. Beraz, jendeak zioen tabernak kanposantua zirudiela, eta horregatik deitzen zioten horrela”, Alustizak kontatu digunez.

Kale berean Julian Hotela zegoen eta istorio bitxia du atzean honek ere. “Julian Muñoa Elorriotik etorri zen zaldi eta karro banarekin. Bizia zen. Hemengo emakume batekin ezkondu zen, logelak alokatzen zituzten pertsona nagusi batzuei negozioa hartu zien eta zaldiarekin eta karroarekin tren geltokira joaten zen taxista lanak egitera, heltzen zirenak hotelera eramateko. Negozioa ondo joan zitzaion eta urte gutxitan sei taxi erosi eta gasolinera bat jarri zuen martxan. Gangsterren pelikuletako autoak ziren. Tamalez, Durangoko bonbardaketan hil zuten Julian”, dio historialariak.

Eibarko Bizikleta plazan egingo dute hurrengo geldialdia, Fermin Calbeton eta Txiriokale kaleen inguruan jarduteko. “Batetik, Ziriako Agirre medikuaren kontakizunak eskainiko ditut. Besteak beste, aurreko mendeko 20. hamarkadan, zapatuetan etortzen ziren prostitutei azterketa egiten zien gaixotasunen bat zuten ikusteko. Eta bestetik, Txiriokaleko Toribio Etxebarriari buruz jardungo dut”, esan digunez.

Ibilbideak Untzagan izango du amaiera eta udaletxea (“Gipuzkoako handiena”) eta II. Errepublika izango ditu mintzagai bertan Alustizak.

Historia ezagutzeko modu atsegina Iazko esperientzia oso positiboa izan zen eta eibartarrez gain, beste toki askotako jendeak hartu zuen parte bisita gidatuetan. “Eibartarrek euren herriko historia zehatzago ezagutu ahal izan zuten eta bisitariek Eibar moduko herri batek dituen historia eta bitxikerien berri izan zuten”, gogoratzen du Alustizak.

Alustizak kontatzen dituen istorioak oso aberatsak dira eta antzinako argazkiez laguntzen da kontakizuna egiteko eta parte-hartzaileek Eibar nolakoa zen jakiteko. Izan ere, Gerra Zibileko bonbardaketen ondoren toki asko suntsituta geratu ziren eta, bestela, zaila izaten da haiek irudikatzea.

 

Parte hartzeko

Bisiten prezioa 5 eurokoa izango da helduentzat, 2,5 eurokoa eibartar helduentzat eta 65 urtetik gorakoentzat, eta doakoak 12 urtetik beherakoentzat. NANa erakutsi beharko da bisitaren unean eta saioak euskaraz edo gaztelaniaz egingo dira, izena ematen dutenen arabera.

Bisitetan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute aurretiaz (bisita bakoitzaren bezperara arte egin ahalko dute) 670 391 265 telefonora deituz, 11:00etatik 18:00etara, astelehenetik barixakura, edo eibarvisit@gmail.com posta-helbidera idatziz. Bisita bakoitzean gehienez 15 lagun onartuko dira.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »