Eibarko industria-garapenean oinarritutako bisita gidatuak eskainiko dituzte Aste Santuan

Eibarko industria-garapenean oinarritutako bisita gidatuak eskainiko dituzte Aste Santuan
2022/04/07 14:17
eta kitto!
Udalak, Debegesa Debabarreneko Garapen Agentziarekin batera, bisita gidatuak antolatu ditu Aste Santurako. Azaldu dutenez, “egitasmoren xedea herria bisitatzen duten pertsonen eskariari erantzungo dion eskaintza turistiko bat egituratzen joatea da. Bisitak, herriko kaleetan zehar egingo diren ibilaldiak, apirilaren 14, 16, 18 eta 23an izango dira, Aste Santuko jaiekin bat. Ordutegia, berriz, 18:30etik 20:00etara izango da”.

Aurreratu dutenez, “ibilaldia Eibarko industria-garapenean oinarrituko da, eta horren bidez azalduko da herriaren bilakaera”. Bisitaren edukia Nerea Alustiza historialari eibartarrak egin du eta berak egingo ditu gidari-lanak ere.  Bisitan Eibar orain dela 100 urte nolakoa zen ulertzeko irudiak erakutsiko ditu, eta herriaren garapen historikoa azalduko du, “Eibarko industriak edo gure herriak II. Errepublikaren aldarrikapenean jokatu zuen papera ahaztu gabe”.

Hala, ibilaldiak tren-geltokian hasi, eta Arieletxe ondotik eta beste eraikin batzuetatik jarraituko du. Estaziño kalean bertan, beste toki batzuk bisitatutako dira, hala nola Astelena tabernan, Outlet denda, Krutzeta etxea eta Ayerbe etxea.  Hortik Ibarkurutzetik jarraituko da; han Casino Artista Eibarrés bisitatuko da eta Ibarkurutzeko iturria.

Errebalen, El Cascoko etxea ikusiko da eta Zapata etxebizitza-eraikina.  San Agustin kalea bisitatu ondoren, Bidebarrietan Larrañaga taberna eta Hoten Julian zeudeneko lokalak ikusi ahalko dira. Eibarko Bizikleta Plazan, Casinoko lokalera joango da, eta Txiriokale eta Fermin Calbeton kaleak igaro ondoren, bisita Untzaga plazan amaituko da, udaletxean.

Bisiten prezioa 5 eurokoa izango da helduentzat, 2,5 euro eibartar helduentzat, eta doakoak izango dira 12 urtetik beherakoentzat eta 65 urtetik gorakoentzat. Horregatik, NANa erakutsi beharko da bisitaren unean. Bestalde, bisitak euskaraz edo gaztelaniaz egingo dira, izena ematen duten pertsonen eskaeren arabera. Izena emateko 670 391 265 telefonora deitu behar da 10:00etatik 16:00etara, edo eibarvisit@gmail.com idatzita, bisita egin nahi den eguna adieraziz.

Iazko udan ere eskaini zituzten horrelako bisita gidatuak eta oso harrera ona izan zuten. Hemen ikus dezakezue bisita horietako batean grabatu genuen bideoa: