Eibarko kantu zaharrekin diskoa grabatzen ari da Ustekabe txaranga, udazkenean kaleratzeko

Eibarko kantu zaharrekin diskoa grabatzen ari da Ustekabe txaranga, udazkenean kaleratzeko
2021/07/20 eta kitto!
Udazkenean argia ikusiko duen diskoa grabatzen aritu dira Ustekabe txarangako 18 musikari Coliseoan, Xabier Oruesagastik zuzenduta eta Walter Tuzzeo soinu-teknikariarekin. Eibarko Koro Gaztearen ahotsek lagunduta, Eibarko aspaldiko kantu batzuk, 11 abesti bilduko ditu diskoak: Agur esanda banua, Arragueta, Suite Eibartarra, Eibar tiene su entrada, Eibarko Herria, Forjarien kanta, Hiru gizon ilustre, Venid al pueblo de Eibar, Arrateko Ama, Himno a Eibar eta Cielito. Kantu hauek dira txaranga eibartarrak harmonizatu eta berriro konposatu dituen kantu herrikoiak eta oinarri modura Ego Ibarrak bere sasoian kaleratu zituen Kantuz Kantu eta Juan Bautista Gisasola musika-lanak liburuak hartu dituzte. Harmonizatze-lan hutsetik haragokoa den zeregin horretan Asier Ardaiz, Rakel Arbeloa, Beñat Etxabe, Jon Viejo eta Xabier Oruesagasti musikari gazteak aritu dira. Diskoarekin batera, kantu bakoitzari buruzko informazio historikoa eta Udal Artxiboaren argazkiak bilduko dituen liburuxka bat ere egiten ari dira txarangako kideak.

ARGAZKIA: MAITANE CAMPOS