Eibarko lehen irratia gogoratzeko saio berezia egingo da Artxiboen Nazioarteko Eguna ospatzeko

Eibarko lehen irratia gogoratzeko saio berezia egingo da Artxiboen Nazioarteko Eguna ospatzeko
2023/06/02 eta kitto!
Datorren barixakuan, ekainaren 9an, Artxiboen Nazioarteko Eguna dela eta, Udal Artxiboak Eibarko lehen irratsaioaren 70. urteurrena ospatzeko gonbidapen irekia egin nahi die eibartar guztiei. Egun horretan saio berezia egingo dute, Artxiboaren instalazioetan bertan, 12:00etatik 14:00etara, eta nahi dutenek publiko gisa parte hartzeko aukera izango dute. Artxiboko arduradunen berbetan, “Eibarren jarri zen lehenengo irrati-instalazioaren hasierak gogoratuko ditugu, gure argazkietako baten historia sinestezina ezagutuko dugu, Mireia Alonsorekin antzinako sukaldaritza-errezetei buruz hitz egingo dugu, eta Udal Artxiboaren eguneroko bizitzan zer egiten dugun kontatuko dizuegu”.

Parte hartzeko 943708422 telefono zenbakira deitu edo, bestela, artxibo@eibar.eus edo kontsultaartxiboa@eibar.eus helbidera mezua idatzi behar da, “irratia-radio” adieraziz. Plaza kopurua mugatua da.