Eibarko lehen irratiaren 70. urteurrena ospatuko dute barixakuan irratsaio bereziarekin

Eibarko lehen irratiaren 70. urteurrena ospatuko dute barixakuan irratsaio bereziarekin
2023/06/05 eta kitto!
Orain dela 70 urte sortu zen Eibarko lehen irratia: Radio Juventud de Eibar, Frente de Juventudes delakoaren EFJ-42 estazioa. Ignacio Angel Ortiz ‘Basojaun’ kazetaria zen erregimen frankistak sortutako irratiaren zuzendaria eta irratigintzan trebatzeko eskola izatea zen bere helburua, handik irratiko teknikariak, esatariak, gidoilariak eta abar ateratzeko.

Urteurren bereziaren aurrean eta Artxiboen Nazioarteko Eguna dela aprobetxatuz, Radio Eibar-Cadena SER irratiak saio berezia eskainiko du barixakuan, ekainaren 9an, Udal Artxiboaren instalazioetan. Saioa zuzenean emango dute, eta gonbidatuak eta publikoa egongo dira bertan. Aforoa txikia denez, email bat bidali behar da esteka honetara: artxiboa@eibar.eus o kontsultaartxiboa@eibar.eus.

 

Gaztelerazko irratiak

Radio Juventud de Eibar irratia Radiocadena Española bihurtu zen 1976an eta, Radio Nacional de Españak bat egin ondoren, Radio 5 Eibar izendatu zuten. Irrati honek 1991eko uztailaren 24an eten zuen bidea, beste hogeita hiru zentroekin batera. Hala ere, haren frekuentzia RNE-ko Radio 1 irratiak erabili zuen.

Irratiak Bidebarrieta kalean zituen lokalak eta profesional asko nabarmendu ziren bertan, besteak beste, Angel Abad, Martinez Ayuso eta Mateo Guilabert.

Radio 5 Eibar irratiak emisioa eten aurretik, 1990eko urriaren 1ean, Radio Estudio sortu zen eta 1992an COPEn sartu zen. Ondoren, 2022an, SER katearekin elkartu zen eta Radio Eibar – Cadena SER izena hartu zuen, gaur egunera arte.

Horretaz aparte, Onda Cero, Radio Marca, HIT radio eta Kiss FM izan dira herrian izan ditugun gaztelerazko beste irrati batzuk.

 

Euskarazko irratiak eta irrati libreak

Beste alde batetik, euskararen alorrean Arrate Irratia nabarmendu behar da. Pedro Gorostidi abadeak sortu zuen eta 1959ko abenduaren 23an egin zuen lehen emisioa uhin ertainean. 1989an lortu zuen behin betiko lizentzia, historian zehar hainbat aldiz itxita egon ondoren: 1964ko maiatzean itxi egin zuten, Informazio Ministerioaren aginduz; 1978ko uztailaren 3an, emisioei ekin zien frekuentzia modulatuan, eta urte bereko azaroaren 13an itxi zuten berriro. 1982ko abenduaren 30ean itzuli zen uhinetara, eta gaur egun emititzen jarraitzen du Arrateko Santutegiaren ondoan.

Irrati libreek ere bidea egin dute Eibarren. Pottoka Irratia izan zen aitzindaria, 1983an sortu, non «Gusi vuelve a la radio» saioan Atun Para la Princesa musika taldeko bi kidek era guztietako musika programatzen zuten.

Matrallako Irratia izan zen beste adibide bat. 2002an sortu zuten eibartar gazte batzuek, euskaraz, beste irrati alternatibo batzuekin batera, Arrosa koordinakundearen barruan. Haien Gora Euzcadi Chisturlari saioa oso ezaguna egin zen Euskal Herri osoan. 2008an laga zion emititzeari.

Euskaraz egiten zuen beste irrati bat Eibarko Herri Irratia izan zen, 2006tik 2021era martxan egon zena.

 

Ego Ibarraren argazki-galeria

Udal Artxiboan egingo den irratsaio berezia aprobetxatuz, Ego Ibarra batzordeak irratiak Eibarren izan duen historia jasotzen duen argazki-galeria txiki bat ere osatu du, herrian izan ditugun irratien argazki historiko batzuk bilduz. Hemen daude ikusgai.

Mateo Guilabert esataria, Jai-Alaian (Ego Ibarra) Mateo Guilabert esataria, Jai-Alaian (Ego Ibarra)