Eibart Artisau Azoka zabaldu dute gaur

Eibart Artisau Azoka zabaldu dute gaur
ETA KITTO 2019, Abe 19

Eibart Gabonetako 15. Artisau Azokak gaur ireki ditu ateak eta urtarrilaren 5era arte egongo da zabalik 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:30era (abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean ezik). Aurten 14 artisau egongo dira 13 postutan banatuta eta mota askotako produktuak jarriko dituzte salgai: poltsak, kamisetak, bitxiak, ilustrazioak, osagarriak… Kalitatezko produktuak dira, bakarrak, errepikaezinak, kutsu berezia dutenak eta bereziak. Olentzerorentzat aukera ona zakua opari originalez betetzeko.

SALTZAILEAK

La Zaera eta LP Privado artisauak postu berean egongo dira azokan. La Zaerak telazko produktuak egiten ditu (zintak, poltsak, gerriko poltsak, diru-zorroak…), kolorez beteriko ilustrazioekin. LP Privadok, bestetik, zeramika lantzen du batez ere, baina ilustrazioak ere jarriko ditu salgai.

Kiliklimakek zapiak, margotutako euritakoak eta telarekin egindako bitxiak ekarriko ditu.

Leo&Lilo Zarauzko familia baten proiektua da. Txikienei zuzenduta dago eta umeentzako “kalitatezko erropa etikoa eta kontzientea” egiten dute.

Anitha Mol Elorrioko artisaua da eta paperarekin, hostoekin eta lore naturalekin egindako bitxigintzan dago espezializatua. “Artisautza artikuluetan erabiltzen diren tximeletak kontrolatutako haztegi batean hazitakoak dira, eta aske uzten dira behin heldutasunera iristen direnean. Ziklo hori betetzea lortzen ez duten tximeletak bildu egiten dira artisautzan erabiltzeko. Horrela, beste aukera bat ematen zaie betikotu daitezen”, berak dioenez.

AGTZ ere Elorriotik dator eta etorri ezin izango den Gorakaten tokia beteko du azokan. AGTZk serigrafia lantzen du eta kamisetak, zapiak eta bestelako produktuak sortzen ditu.

Zilarrak protagonismoa izango du Dir Dir eta Darama artisauekin. Ekoizle biek bitxiak egiten dituzte kalitate handiko zilarra erabiliz.

Nieves Maidaganek, berritutako altzariak saltzeaz gain, bere maitagarri (birziklatutako oihalekin egindako gizaki itxurako panpinak) ospetsuak jarriko ditu salgai.

Marta Portelak ere panpinak ekarriko ditu, baina bere kasuan kakorratz-lanak izango dira.

Ahiztak artisauek telazko poltsak, diru-zorroak eta alpargatak sortzen dituzte.

Jone Olabarri eibartarraren Hartara markak margotutako poltsak, nezeserrak, egutegiak eta ilustrazioak eskainiko ditu azokan.

Calmada proiektuak emakumeentzako erropa egiten du. “Kalitatezkoa, erlaxatua, erosoa eta kontzientea, eskuz egindakoa, Km0, tailu bakarrekoa eta jasangarria”, euren berbetan.

Eskulan artisautza tailer eta dendak 15 urte daramatza erakusleihoak, lanparak, ispiluak eta bitxiak diseinatu eta fabrikatzen. Urtero bezala, herrikideei produktu originalak eskainiko dizkie Azokan.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »