‘El verdadero Zuloaga’ liburua aurkeztuko dute hilaren 24an institutuan

‘El verdadero Zuloaga’ liburua aurkeztuko dute hilaren 24an institutuan
2021/02/17 eta kitto!
Eibar BHIren Jardiñeta eraikinak hainbeste urtetan zehar izena eman dion artistaren inguruko liburuaren aurkezpena jasoko du hilaren 24an, datorren eguaztenean, 11:30ean. Rosa Jaussi ikastetxeko zuzendaria; Harkaitz Millán Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatua; Alberto Albistegui alkateordea; eta Ignacio Suárez-Zuloaga, Margarita Ruyra eta Ismael Manterola adituak izango dira aurkezpen ekitaldian eta ikasleen galderei erantzungo diete.

20 adituk landu dute ‘El verdadero Zuloaga’ liburua eta lau zatitan banatu dute. Batetik, Zuloaga hainbat testuingurutan jorratzen da. Hala nola, euskal giroa eta Zuloagatarren balioak aztertzen dituzte, Santiago Etxeari buruz berba egiten da, margolariak Gerra Zibilean izan zuen jokaera aztertzen da eta ‘Zuloaga auzia’ aipatzen da.

Liburuaren bigarren zatiak pintura-estiloa eta jaso zituen influentziak ditu ardatz; hirugarren blokean haren pinturetan azaltzen diren gai batzuk lantzen dira (marjinatuak, euskal gaiak, Andaluziako gaiak, arte eszenikoak, musika…); eta laugarren eta azken zatian artistaren proiekzio internazionala aztertzen da.

el verdadero zuloaga